CaixaBankek eta sindikatuek kaleratzeen inguruko aurreakordioa adostu dute

0

Lau hilabete negoziaketetan izan ostean, CaixaBankeko zuzendaritzak eta sindikatuek lan-erregulazio espedientearen inguruko aurreakordioa lortu dute goizaldean.

Aurreakordioan sindikatuen eskaera gehienak jaso dituzte; esaterako, kaleratzeen eta derrigorrezko mugikortasunaren ordezko sariak.

Enpresa eta sindikatuak 10:00etan bildu dira akordioa berresteko.

Caixabank finantza taldeko zuzendaritzak langileak kaleratu eta bulegoak itxi nahi dituela jakinarazi zien urtarrilean sindikatuei.

Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), 67 langile kaleratu eta 32 bulego itxi nahi ditu. Araban, 12 langile kaleratu eta 6 bulego itxi nahi ditu; Gipuzkoan, 14 eta 7 bulego; Bizkaian, 41 langile eta 19 bulego. Nafarroan, ostera, murrizketa handiagoa izango da: 106 lanpostu eta 5 bulego.

Zuzendaritzak lan-erregulazioko espedientea proposatu die sindikatuei. Estatu osoan 2.157 langileri eragingo lieke, lantalde osoaren % 7,3ari. Halaber, bulegoen % 18 ixteko asmoa du.

Caixabankeko iturriek azaldu zutenez, taldearen asmoa hiruzpalau langile dituzten bulego txikiak itxi eta 15-20 langileko bulego handiak zabaltzea da. “Ez dugu herrietako bulego bakar bat ere itxiko, errentagarria ez izan arren. 10.000 biztanletik beherako udalerrietako bulegoak ere ez ditugu itxiko”, azpimarratu zuten orduan. EAEn, esaterako, Barakaldon, Bilbon, Donostian edota Gasteizen itxiko dituzte bulegoak.

Sindikatuek, ostera, gehiegizko murrizketa dela salatu dute, eta % 100ean borondatezko irteerak direnak bakarrik onartuko zituztela esan zuten bere garaian.