Gasteizko Mercedes lantegiak 4.300 ibilgailu gutxiago ekoitziko ditu aurten

0

Mercedes Benz konpainiak 4.300 furgoneta gutxiago ekoitziko ditu Gasteizen duen lantegian, 2019an.Aurreikuspenen arabera, 143.700 furgoneta berri produzituko dituzte.

Zuzendaritzak astelehen honetan bertan jakinarazi dizkie murrizketak sindikatuei, enpresa batzordeko iturriek jakinarazi dutenez.

Ekoizpenaren jaitsierak eragina izango du langileen lan txandetan. Abuztuaren 1etik aurrera gaueko txanda 6,5 ordukoa izango da 7koa beharrean. Gainera, ez da gaueko txandarik izango irailaren 12an, 13an, 19an, 20an, 26an eta 27an. Halaber, litekeena da urriko beste bi egunetan eta azaroko lautan gaueko txanda bertan behera gelditzea.

Ikusteke dago erabaki horrek zer ondorio izango dituen lantaldean. Gaur gaurkoz zuzendaritzak enpresa batzordeari adierazi dioenez, behin-behineko langile gehienen (500 inguru) kontratuak berrituko ditu.