Hasi dira Antso Jakitunaren hiribideko bakoitien aldea berrurbanizatzeko lanak

0

Gaur hasi dira Antso Jakitunaren hiribidean egin beharreko berrurbanizatze-lanak. Orain abiatzen den prozesuak beste diseinu bat emango dio Amara auzoko kale horretako bakoitien aldeko oinezkoen espazioari.

Gune Publikoko zinegotziak, Marisol Garmendia sozialistak, nabarmendu duenez, “lan horien bidez, Antso Jakitunaren bakoitien aldea suspertu nahi dugu, bai oinezkoen erabilerari dagokionez, bai merkataritzari dagokionez. Izan ere, duela hamarkada batzuetatik hona, bertan dauden parterreek jarduera guztiak baldintzatu dituzte”.

Sustapen Sozietateak bultzatu ditu lanok, inguruko dendekin eta bizilagunen erkidegoekin ados jarrita. Helburu orokorrez gain, azpiko garajeak ere hobetu nahi dira, iragazkaizte-arazo batzuk dituzte eta.

Garmendiak adierazi duenez, “lanak Arabako parketik hurbilen dagoen etxe-uhartean hasiko dira. Erasanak ahalik eta gutxien izatea nahi dugu, baina, ezinbestez, eragozpenak sortuko dira, lanak atarietako eta merkataritza-establezimenduetako sarbideetaraino iritsiko dira eta”.

Egingo diren lanak

Parterreak eta inguruko baldosak kenduko dira. Dena altxatutakoan, forjatuak hobetuko dira eta garajeak iragazkaiztuko. Obra horiek bizilagunen erkidegoei dagozkie, elementuok jabetza pribatukoak direlako. Gero, urbanizazio berriarekin jarraituko da. Lehen etxe-uharte hori amaituta, hurrengoari ekingo zaio.

Antso Jakitunaren bakoitien aldeko espaloiaren diseinu berriak oinezkoen espazio berri bat sortuko du, 11 metro zabal, zirkulazio berriak ahalbidetuko dituena eta dagoen merkataritzari bultzada emango diona. Errepidetik hurbilen dagoen aldean, berdegune bat sortuko da, 6 metro zabal, gutxi gorabehera, orain dauden zuhaitz guztiei eutsita. Desagerraraziko diren 32 parterreetako batzuetan dauden palmondo batzuk baino ez dira kenduko, eta hiriko beste toki batzuetan landatuko dira, gainera.

Obra aprobetxatuko da argien ordez LED teknologia duten farolak jartzeko. Hala, Antso Jakituna Donostiako hirugarren Smart kalea izango da, honako hauek izango ditu eta: argi-intentsitatea erregulatzeko sentsoreak, USB kargagailuak dituzten eserlekuak, pertsonen kontagailuak eta beacon teknologiak, inguruko merkataritza sustatzeko. Gainera, hiri-altzari berriak jarriko dira, hala nola, eserlekuak, paperontziak eta bizikleta-aparkalekuak.