Bizkaiko Aldundiak hondakinen sorrera murrizteko kanpaina ipini du martxan

0

Herritarrak urraldean hondakinen sorrera murrizteko beharraz kontzientziatzeko asmoarekin, Bizkaiko Foru Aldundiak kanpaina bat jarri du abian.

Kanpaina honen bidez, Foru Erakundeak bat egiten du Europar Batasunaren gidalerro berriekin. Gidalerro horiek azpimarratzen dute hondakinen prebentzioa dela biderik onena ingurumen-inpaktua murrizteko eta baliabideen erabileran eraginkortasuna hobetzeko.

Elena Unzueta Iraunkortasun eta Natura Ingurunearen arloko diputatuak kanpaina honen aurkezpenean adierazi duenez, iaz Bizkaian lau urte lehenago baino 70.460 tona hondakin gehiago sortu genituen, eta egunerokotasuneko ohiturak aldatzeko deia egin du, egoera hori aldatzeko helburua lortzeko. “Hondakinen ingurumen-inpaktua murrizteko eta baliabideen erabileran eraginkortasuna hobetzeko biderik onena hondakinen prebentzioa da”, azpimarratu du Unzuetak. Era berean, “Bizkaian sortutako hondakinen kopuruak gora egin badu ere, gaikako bilketaren tasa handitu egin da eta gainerako frakzioa murriztu egin da – Hau da, gehiago birziklatzen dugu eta behin betiko baztertzen dugu gutxiago -, egia da ere konpromisoa hartu behar dugula ekoizten ditugun hondakinak murrizte aldera”. “Hori da Europak adierazten duena, bere estatu kideak hondakinen sorrera prebenitzeko neurriak hartzera animatzen dituena. Eta hori adierazten digu, baita ere, sen onak. Gizarte iraunkorragoa nahi badugu, gure ingurumena, gure planeta babestu nahi badugu, sortzen dugun hondakin kopurua murriztu behar dugu. Filosofia horrekin sortu da ‘3, 2, 1, 0 hondakin’ kanpaina. Lehenik eta behin, gogoeta egitera gonbidatzen zaitugu: ea benetan behar duzun erosi behar duzun hori, ea paper, kartoi edo plastikozko geruza askorekin enbalatuta joan behar duzun; ea arropa horrek edo bota behar duzun tresna horrek ezin duen bigarren erabilerarik izan, ea erosten duzun hori eginda dagoen materiala birziklagarria den… Hausnarketa horretatik ateratzen dira kanpaina honetan ematera gonbidatzen ditugun gainerako urratsak. Lehena eta funtsezkoa, murrizketa. Bigarrena, berrerabiltzea, eta gero, birziklatzea”, nabarmendu du Iraunkortasun eta Natura Ingurunearen arloko diputatuak.