Igorreko Araluce enpresak jarduera eten du ezustean

0

Igorren kokaturik dagoen Araluce enpresak gaur goizaldean jarduera eten du, langileei aurretik abisatu gabe.

Hori dela eta, 141 langile kalean geratu dira. Enpresa batzordea bost orduz bildu zen atzo sindikatu eta langileekin, baina topaketa akordiorik gabe amaitu zen. Goizaldean, 01:00a aldera, “likidatzaile bat eta Ertzaintzako agente batzuk bertaratu dira”, eta gaueko txandako bost langileak kanporatu dituzte. Enpresak “itxiera patronalaren berri eman, eta lan-harreman oro automatikoki eten” dituela jakinarazi diete horrela.

Batz taldeak galera ekonomikoak eta automobilaren sektorearen jaitsiera orokorra argudiatu ditu Araluce ixteko. Sindikatuak, berriz, taldeak emandako zenbakiak berrikusten ari dira, eta hain zorrotzak ez diren beste neurri batzuk eskatzen dituzte, hala nola, langileak taldeko beste enpresa batzuetan birkokatzea edo itxiera ekarriko ez duten beste neurri batzuk hartzea.