Bi atxilotu Durangoko hiru etxetan lapurreta egiteagatik

0

Astelehenean 22 eta 25 urteko bi gizonezko atxilotu zituen Ertzaintzak Durangoko hiru etxebizitzatan lapurtzeea leporatuta.

Ertzaintzako Ikerketa Kriminaleko Bizkaiko Lurralde Zerbitzua bi hilabetean aritu da talde kriminal hori ikertzen. Taldea jatorriz albaniarrak diren sei bat gizonezkok osatzen dute eta Bizkaiko etxebizitzatan hainbat lapurreta egin dituztela susmatzen da. Ertzaintzak egindako ikerketei esker identifikatu ahal izan ziren taldeko hainbat kide eta jakin ahal izan zen taldea Barakaldo erdiguneko etxebizitza batetik mugitzen zela.

Taldea legezko ibilgailuetan mugitzen da landa-eremuetara, eta bizpahiru kide ibilgailutik jaisten dira eta hainbat kilometro egiten dituzte oinez auzo-bideetan eta baso-pistetan barrena euren jomugara iritsi arte. Helburuak une horretan hutsik dauden eta alarmarik ez duten etxebizitzak izaten dira.

Arropa iluna jantzita ibiltzen dira eta kontrazaintzako neurriak hartzen dituzte. Batzuek lapurreta egiten duten bitartean, ibilgailuaren gidaria lapurreta egiten den lekutik hurbil egoten da zain, taldeko gainerako kideak eta lapurtutakoa jasotzeko.

Ertzaintzak talde kriminal hori kontrolatzeko abian jarritako dispositiboari esker atxilotu ahal izan ziren joan den irailean Gernikan taldeko bi kide, eta Foruako etxebizitza batean lapurreta egitea leporatu zien. Bi gizonezkoak herritarren babeserako patruila batek atzetik jarraitu ondoren arrastatu zituzten. Kasu hartan, arrastatuetako batek, atzo Barakaldon berriz atxilotu zuten 25 urteko gizonezkoak, beste pertsona baten izenean zegoen pasaporte batekin identifikatu zuen bere burua, polizia-lana zailtzeko asmoz.

Ikerketaz arduratu ziren agenteak urrian konturatu ziren, zaintza-operazioen bidez, taldea errepidez eta gauez joaten zela Kantabriara. Mugimendu susmagarri horien berri Guardia Zibilari eman zion Ertzaintzak, eta horri esker joan den astean atxilotu zituzten talde kriminaleko hiru kide Kantabriako etxebizitzatan egindako lapurretengatik. Atxilotu haien artean irailean Gernikan eta atzo Barakaldon atxilotu zuten gizonezkoa zegoen.

Ertzaintzak Durangon gertatutako hiru lapurretengatik abian jarritako operazioa atzo gauzatu zen Barakaldo erdigunean, eta taldeko bi kide atxilotu zituzten. Gainera, agenteek etxea miatu zuten eta hainbat ebidentzia eta ondasun atzeman ahal izan zituzten. Atzemandako materialaren zati bat jada identifikatu dute, eta Durangon lapurtutakoa dela jakin dute. Dispositiboan, ikerketa-taldeko kideekin batera, herritarren babeserako ataleko agenteek eta arrisku handiko jarduketetan esku hartzen espezializatutako Bizkor patruilek parte hartu zuten.

Ertzaintzak zabalik du ikerketa eta Guardia Zibilarekin ezarritako lankidetza, gainerako ebidentzien jatorria eta gaizkile-taldeak etxebizitzatan egindako beste lapurreta batzuetan duen inplikazioa argitzeko. Atxilotuak datozen orduotan eramango dituzte Barakaldoko epaitegira. Arrastatu duten 25 urteko gizonezkoak 2018tik ditu aurrekariak etxebizitzatan egindako lapurretengatik.