Euskadi barnealdean elurragatik ezarritako abisu horia larunbatera arte luzatuko da

0

Euskal Autonomi Erkidegoko o barnealdean elurragatik ezarritako abisu horia larunbatera arte luzatzea erabaki du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak.

Hasiera batean, abisua bihar, ostirala, amaitzekoa zen, baina Euskal Meteorologia Agentziaren iragarpena ikusita, larunbatera arte luzatzea erabaki du Jaurlaritzak.

Gaur arratsaldean zaparradak eta ekaitzak iritsiko dira, txingor eta guzti, eta elurra egingo du 1.000 metrotik behera.

Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horia ezarriko du barnealdean elurragatik, eta egun osoan egongo da indarrean. Izan ere, elur-kota 1.000 metrotik behera azkar jaits daiteke lehen orduetan, eta 700-900 metrotik gertu egon daiteke egunak aurrera egin ahala, toki batzuetan beherago, ekaitz-guneetan eta ekialdean bereziki. Aurreikusitako lodierak: 5-30 cm 1.000 metrora, 0-3 cm 600 metrora eta 0 cm 200 metrora.

Bihar, are gehiago zakartuko da denboralea, eta elurra 1.000 metrotik behera egiteko aukera dagoenez, abisu horia ezarriko dute egun osoan. Elur-kota 700-900 metro inguruan egongo da, noizbehinka beherago, bereziki prezipitazioaren intentsitatea handia den zonaldeetan. Aurreikusitako lodierak: 2-20 cm 1.000 metrora, 0-1 cm 600 metrora eta 0 cm 200 metrora.

Larunbatean, elurra 600-800 metro inguruan egin dezake, eta baliteke hortik behera ere egitea tarteka, batez ere prezipitazio handiak diren lekuetan. Eguerditik aurrera, elur-kota igotzen joango da, eta 1.000 metrotik gora kokatuko da azken orduetan