Zortzi greba egun gehiago deitu dituzte metaleko sindikatuek

0

Metaleko sindikatuek Bizkaiko metalgintzan azaroaren 28 eta 29rako eta abenduaren 4, 5, 12, 13, 18 eta 19rako lanuzte berriak deitu dituzte.

Urtea amaitu bitarte, zortzi greba egun egingo dituzte, Metalgintzako Enpresen Bizkaiko Federazioak (FVEM) «negoziatzeko borondaterik ez» duela ikusita.

Greba deialdia goizean erregistratu dute Eusko Jaurlaritzan. Ondoren, FVEMren egoitzara joan dira, «kanpaldi informatiboa» egitera. Arratsaldean, manifestazioa egingo dute Bilbon, Euskadi plazatik abiatuta.

«Lan hitzarmen duina» eskatzeko, 10 greba egun egin dituzte metalgintzako langileek azken hilabeteotan. Negoziazioek ez dute oraingoz fruiturik eman, baina bihar biltzekoa da berriro mahai negoziatzailea. Horrez gain, datorren astean ere beste bi batzar dituzte deituta.