Deustuko Unibertsitateak graduaren inguruko informazio saioak hasi ditu

0

Aste honetan ekingo die Deustuko Unibertsitateak 2020-21 ikasturteko ikasketak ezagutzera emateko informazio jardunaldiei.

Azaroan eta abenduan, Donostian, Bilbon eta Gasteizen, etorkizuneko unibertsitate ikasleek xehetasunez ezagutu ahal izango dituzte Deustuk eskaintzen dituen 50 gradu, gradu bikoitz, gradu eta ibilbide dual, aipamen eta titulu propioak, hainbat arlotan: Zuzenbidea, Enpresa, Ingeniaritza, Hizkuntzak eta Komunikazioa, Politika eta Nazioarteko Harremanak, Irakaskuntza, Osasuna, Gizarte Gaiak eta Teologia.

Etorkizuneko ikasleei beren hautaketa prozesuan laguntzeko, 40 minutuko saioak antolatu dira. Saio horietan, Unibertsitateko irakasleek eta ikasleek titulazio bakoitza xehetasunez azalduko dute, besteak beste, ikasketa planak, praktikak, lan ibilbideak eta sarrera prozesua. Jardunaldiaren egiturari esker, etorkizuneko unibertsitate ikasleek eta gurasoek interesatzen zaizkien saio guztietara joateko aukera izango dute.

Gradu berriak

Azken urteetan, Unibertsitateak apustu sendoa egin du prestakuntza dualaren inguruan, eta hori gero eta nabariagoa da hainbat titulaziotan. Datorren ikasturtean, Deustuk proposamen berriak erantsiko dizkio gaur egungo eskaintzari. Hain zuzen ere, aurten gradu dual bat eta bost ibilbide dual eskaintzen ari da, Ingeniaritzako hainbat gradutan eta Zuzenbidea + Lan Harremanak gradu bikoitzean.

Datorren ikasturterako berrikuntzen artean, bi gradu enpresetan egin ahal izango dira, ibilbide dualez baliatuz. Horien artean dago Turismoko gradua, profesional eleaniztunentzat diseinatua eta etengabe hazten ari den sektore bateko teknologia joera berrietara egokitua. Eta Ingeniaritza Robotikoko gradua, Salesianos Deusto ikastetxearekin batera diseinatu dena, robotikako joera berriek ekoizpenaren automatizazioan dakartzaten gaur egungo erronkak lantzeko, aurreikusten baita robotikaren eragina izugarri handituko dela laguntza esparruan, etxeetan, lanean eta abarretan.

Robotikarekin batera, beste teknologia batzuk ere ari dira, poliki-poliki sendotzen, eta hurrengo hamarkadetan gizartea eta enplegua eraldatuko dutela aurreikusten da. Horien artean daude adimen artifiziala, datuen zientzia eta 4.0 industria. Arlo horietako profesionalen gero eta eskari handiagoari erantzuteko, Unibertsitateak 2020ko irailean bi gradu berri jarriko ditu abian, Informatikako Ingeniaritza + Bideojokoak, Errealitate Birtuala eta Areagotua batetik eta Datuen Zientzia eta Adimen Artifiziala, bestetik. Informatikako Ingeniaritza + Datuen Zientzia eta Adimen Artifiziala gradu bikoitza ere eskainiko da. Gainera, Data Analyticseko titulu propio berri bat diseinatu da, hainbat ingeniaritzatako ikasleek egiteko: Industria Teknologikoetakoek, Industria Antolaketakoek, Mekanikakoek, eta Industria Elektronika eta Automatikakoek.

Berrikuntza gehiago: Deustuko Unibertsitatearen Medikuntzako gradu berriak dagoeneko jaso du Unibasq Euskal Unibertsitate Sistemaren Agentziaren aldeko txostena eta, horrenbestez, datorren ikasturtean, 2020-2021ean, hasiko dela ematen, Bilboko campusean. Horrela, Osasun Zientziaren arlo berriaren garapenari helduko dio Unibertsitateak. Graduak 80 ikaslerentzako tokia izango du. Ikasketa plan berritzailea diseinatu da, ABP (Arazoetan Oinarritutako Ikaskuntza) metodologiari jarraituz. Praktikak lehen mailatik aurrera egin ahal izango dira, Unibertsitateak eta Euskal Autonomia Erkidegoko 18 ospitale, klinika eta osasun zentrok sinatu dituzten lankidetza hitzarmenei esker.

Jakintza arlo berean, Unibertsitateak Fisioterapiako gradua eskaini nahi du 2020-2021 ikasturtetik aurrera, Donostiako campusean. Proiektuak 120 ikaslerentzako tokia eskainiko du, modalitate hauetan: Fisioterapia (gaztelaniako taldea), Fisioterapia (euskarako taldea) eta Fisioterapia + Jarduera Fisikoen eta Kirolaren Zientziak (euskarako taldea).

Gradu bakoitzaren inguruko informazio saio bereziez gainera, Unibertsitateak ateak zabaltzeko larunbatak antolatu ditu, hirietako aurkezpenak, hezkuntza azoketako parte hartzea eta Fakultateko asteak, etorkizuneko ikasleentzat.