Bilbo oparotasun inklusiboari buruzko nazioarteko rankingean 20. postuan kokatu da

0

Guggenheim Museoan egin den oparotasun inklusiboaren lehen indizearen aurkezpenean munduko lehen hiria inklusibitate ekonomikoari eta sozialari dagokionez Zürich dela jakinarazi dute, baita Bilbo 20.a dela ere.

PICSA Indizea (Prosperity & Inclusion City Seal and Awards) INSEAD, Bizkaiko Foru Aldundia eta Bilboko Udalaren ekimena da eta D&L Partners-ek egiten du. Helburua hirien aberastasuna neurtzea da, baina ez soilik haien hazkunde ekonomikoan oinarrituta, ongizatearen kalitatea eta banaketa ere kontuan hartzen direlako. Indize hori egiteko abiaburu nagusitzat erabaki da barne produktu gordina (BPG) oso oinarrizko neurketa dela, desberdintasun mailak kontuan hartzen ez dituena. PICSA Indizeak, aldiz, hainbat faktore neurtzen ditu, besteak beste etxebizitzaren eskuragarritasuna eta hezkuntzarekiko eta osasun-laguntzarekiko irisgarritasuna, baita BPG  per capita ere.

Horrela, ranking berri honek mundu osoko 113 hiri neurtzen eta sailkatzen ditu, ez bakarrik hiri horien tamaina eta oparotasunaren arabera, baizik eta herritar guztientzako ingurune inklusibo eta oparoak sortzeko egiten dituzten ahaleginen arabera. Hala, Bilbo Top 20an sartzea, besteak beste, hiribilduko biztanle guztien osasuna eta ongizatea lehenestearen ondorio da, eta Europako graduatu-tasarik handienetakoa edukitzean.