Etxebizitzaren Euskal Behatokiaren Web berria

0

Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailari atxikita dagoen Etxebizitzaren Euskal Behatokiak berritu egin du bere webgunea, Euskadin etxebizitzaren alorreko ezagutza zabaltzeko eta partekatzeko, funtzionalitate berriak sartzeko eta komunikazioa eta herritarren parte hartzea areagotzeko.

Etxebizitza Sailburuordetzaren estatistika ofizial guztia biltzen du web berriak, baita haren inguruan sortutako azterlan eta txosten guztiak ere. Analisi partekatua egiteko gunea da, berri garrantzitsuenak, gaurkotasuneko egoerak eta abar biltzeko. Diseinu erraza du datuak eskuratzeko, herritarren, etxebizitza sektorearen eta herri-administrazioaren interesetan oinarri hartuta.

Web berriak aukera ematen du eguneratzeak automatikoki jasotzeko, RSS bidez harpidetuta edota EEBren hiruhileko berripapera jasoz. Horrez gain, optimizatu egin da edukien sailkapena eta bilaketa, eta datuak bistaratzeko modu berriak gehitu dira GIS, informazio geografikoko sistemaren bitartez, non etxebizitzako estatistikak geoerreferentziatuta dauden.

Martxan jarri da, halaber, Etxebizitzaren Behatokiaren bloga. Berriak eta etxebizitzaren alorreko pertsona interesgarriei egindako elkarrizketak aurkitu ahal izango dira bertan, eta parte hartzeko herritarrek iruzkinak egin ahal izango dituzte, edota aztertzeko interesgarriak iruditzen zaizkien gaiak proposatu.

Web berriaren xedea da, azken finean,  informaziorako eta ezagutzarako den espazio hau alorreko profesionalei ez ezik, Euskadiko etxebizitzaren errealitateari buruzko begirada objektiboa lortu nahi duten guztiei hurbiltzea.