Aldundiak itsasadarraren azpiko tunelaren trazatua definitu du, eta erakuntza-proiektua izapidetzen hasi da

0

Foru Aldundiak jarraitzen du itsasadarraren azpiko tunela eraikitzeko urratsak ematen; Supersurraren bigarren fasearekin batera, azpiegiturak osatu egingo du Bizkai metropolitarreko saihesbide handia, eta, hala, erantzuna emango zaie ahalmen handiko errepideen sarean gaur egun dauden arazoei. Arrontegi zubiaren ordezkorik ez egotearen ondorio dira arazook; izan ere, zubia, batez beste, 140.000 ibilgailuk zeharkatzen dute egunero, A8, La Avanzada eta Txorierriko korridoreko bidaien artean. Itsasadarra sareztaturik ez dagoenez, Arrotegi eta haren ingurunea zaurgarritasun-handian geratzen dira, eta behar baino ibilbide luzeagoak egin behar dira itsasadarraren eskuinaldearen eta ezkerraldearen artean gurutzatzeko.

Ahaldun nagusi Unai Rementeriak jakinarazi du Aldundiak dagoeneko amaituta daukala tunela eraikitzeko informazio-azterlana. Besteak beste, azterlanari esker, zorupea ezagutu da, trazaturik onena hautatzeari dagokionez; tunelak zirkulazioan izango dituen eraginak aztertu dira, eta lehen zenbatespen ekonomikoa zehaztu ahal izan da. Egin beharreko inbertsioa 337 eta 407 milioi bitartekoa izango da (lehen zenbatespena 380 milioi izan zen), tunela hondeatzeko azkenean erabiliko den eraikuntza-metodoaren arabera.

Aldundiak, informazio-azterlanaren emaitzak eskuan dituela, hasiera eman die eraikuntza-proiektuaren idazketa adjudikatzeko izapideei, eta proiektuaren lizitazio-agiriak dagoeneko argitaratuta daude kontratazioaren plataforman. Eraikuntza-proiektuaren idazketak 33 hilabeteko epean amaituta egon behar du, eta 10,5 milioi euroko prezioan atera da lehiaketa publikora, Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatu Imanol Pradalesek jakinarazi duenez.