2020-2021 ikasturterako aurrematrikula epea urtarrilaren 27an irekiko da

0

Hezkuntza Sailak datorren astelehenean, urtarrilaren 27an irekiko du Haur Hezkuntzarako (bi urtetik aurrera), Lehen Hezkuntzarako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako aurrematrikula epea. Otsailaren 7ra arte egongo da irekia epe hori (otsailaren 6ra arte, online eginez gero). Aurreko ikasturtean, familien %97k lehen aukeratzat markatutako ikastetxean eskuratu zuten plaza.

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak, Maite Alonso sailburuordea lagun zuela, gaur goizez aurkeztu du Donostian 2020-2021 ikasturterako aurrematrikula kanpaina, Zatoz gurera! leloarekin. ¡Ven a nuestra escuela! erabiliko da gaztelaniaz.

Datorren ikasturterako aurrematrikula egiterakoan, ikastetxeetan bertan nahiz Internet bidez egiteko aukera izango dute familiek, www.euskadi.eus/hezkuntzahelbidean. Bigarren bide hau aukeratzen dutenek ez dute beharrezko izango, beraz, eskatutako dokumentazioa ikastetxera eramatea. Pauso hori online egin beharko dute, eta dokumentuak eskaneatuta bidali. Aurrematrikula online egiteko azken eguna otsailaren 6a izango da, egun bat lehenago. Era berean, Hezkuntza Sailak gogorarazi du Ikasgunea atariak (www.ikasgunea.euskadi.eus) informazio praktikoa eskainiko diela familiei, hala nola, ikastetxeen bilatzaile bat, horietako ikastetxe bakoitzean familiari hurbiltasunagatik dagozkion puntuak erakusten dituena.

Aurrematrikula prozesuari ekiteko prest daude dagoeneko Euskadiko 703 ikastetxe (horietatik 453 publikoak, %64). Seme-alabak lehen aldiz matrikulatuko dituzten gurasoek, 541 ikastetxe izango dituzte bi urteko haurrentzat (horietatik 332 publikoak, hots, %61), eta 542 ikastetxe Haur Hezkuntzako bigarren zikloko umeentzat (334 publikoak, hau da, %61,5). Bestetik, Lehen Hezkuntza 536 ikastetxetan eskainiko da hurrengo ikasturtean (331 publikoak), eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eskainiko dutenak aldiz 329 izango dira orotara.

Familia ugariak

Aurkezpenean Uriartek azaldu duenez, aurten onarpen prozesuak aldaketa gutxi ditu iazkoarekin alderatuta, orduan izan baitziren aldaketarik esanguratsuenak. Hala ere, familia ugariei eragiten dien berrikuntza bat aipatu du. 2020-2021 ikasturterako onarpen-prozesu horretan, familia ugariek ez dute baldintza hori egiaztatzen duen dokumentaziorik aurkeztu beharko. Hezkuntza Saila arduratuko da egiaztapen hori egiteaz. Azken batean, familiei tramiteak erraztea bilatzen duen neurria da.

Dena den, Uriarte sailburuak gogorarazi nahi izan ditu iaz sartu ziren eta prozesu honetarako mantentzen direnak aldaketa nagusiak ere:

12 ikastetxe eskaeran. Eskaeran familia bakoitzak 12 ikastetxe hautatu ditzake gehienez, lehentasunaren araberako hurrenkeran jasorik. Eskaera guztiak jaso ondoren, ikastetxe bakoitzak izan dituen eskaera guztiekin zerrenda osoa egingo da, edozein izanik ere lehentasunen hurrenkera, eta baremo nagusi bakarra egingo da: ikastetxeek lehen aukeran jasotzen dituzten eskariak ez ezik gainerako eskari guztiak ere barematu beharko dituzte. Honela, familiek jakin ahal izango dute puntu gutxiago duen beste familia bat ez dela inola ere norbera baino lehen sartuko aukeratu duen ikastetxe batera.  Sistemak aukerarik onena ematen die familiei, hautatutako zentro bakoitzean dituzten puntuen arabera.

Familia askori izapideak egiteko lana arinduko dion beste neurri bat, eta aurten ere indarrean jarraitzen duena, honako hau da: ez dela beharrezkoa sare publikoko Lehen Hezkuntzako 6. mailatik DBHrako jauzia egiten duten ikasleek eskaera egitea. Hau horrela da familiek ibilbideko ikastetxe atxikia aukeratzen duten kasuetan, hau da, euren Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoari atxikitako institutu publikoa hautatzen badute, eta hizkuntza eredu berean jarraitu nahi badute. Beste edozein ikastetxetan jarraitu nahi badu, eskaera egin beharra izango du. Atxikitako institutu bat baino gehiago dituzten Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoen kasuan ere, familiek eskaera egin behar dute.

Hezkuntza Sailak informazio eta orientazio puntuen aldeko apustua egiten jarraitzen du, udalekin lankidetzan. 13 informazio-puntu dira Gasteizen (gizarte etxeetan dauden bulego guztiak, San Martin eta San Antonioko bulegoez gain), Oionen, Laudion, Agurainen, Bilbon (barrutiko 8 bulegoetan), beste bat Lekeition, eta bulego bana Barakaldon eta Arrasaten. Informazio-puntu horiek guztiak iaz Lurralde Ordezkaritzetan abian jarritako Eskolatze Bulegoekin koordinatuko dira. Puntu horien helburua Euskal Hezkuntza Sistemak eskaintzen dituen aukerei buruzko informazio osoa herritarrei hurbiltzea da, baita familiei matrikula tramitatzeko prozesuari buruzko orientazioa ematea ere.

Kontuan izan beharreko egutegia:

  • urtarrilaren 27tik otsailaren 7ra: eskabideak eta agiriak aurkeztea (Online eginez gero, azken eguna otsailaren 6a)
  • otsailak 25: eskatzaileen zerrendak argitaratuko dira.
  • martxoak 17: behin-behineko zerrendak argitaratuko dira. Martxoaren 25era arte erreklamazioak egiteko epea.
  • Martxoak 31: behin betiko zerrendak argitaratuko dira. Errekurtsoak aurkezteko epea, apirilaren 30era arte.