Inicio albisteak EBA Ligarantz abiatu da LBC Cocinas.com

EBA Ligarantz abiatu da LBC Cocinas.com

0

Lidergoa sendotu zuen Errioxako taldeak, garaipena eta aberage lortuz Urgatziren kantxan. Orain, bi garaipeneko aldea du. Gainera, denboraldiko lehen garaipena Arri BKL Senior Mutilentzat.

LEHEN MAILA

Lidergoa jokoan zegoen Olabiden eta tinko harrapatu zuen LBC Cocinas.com-ek. Errioxako taldeak Urgatziri gailendu zion (73-87) eta, gainera, aberage eskuratu zuen ere. Oso neurketa parekatua eta une klabea hirugarren laurdenaren amaieran: 0-15eko partziala lortu zuten erroixarrek, partida erabakita utziz. Hamabi jardunaldiren faltan, bi garaipeneko aldea dute Nacho Arbues-en taldeak.

Ordizia Basoa Banaketak mantentzen da hirugarren postuan. Juanan Sarasolaren gizonek Leioa SBT-ari irabazi zioten 72-69ko emaitzarekin. Partida luzatzeko azken hirukoa izan zuten bizkaitarrek. Eta emozio handia ere Donostian: Tecnun Askatuak-en garaipena luzapenean, Aranguren Mutilbasket-en aurka (80-78), bi libreei esker. Donostiarrak laugarrenak dira.

Denboraldiko lehen garaipena lortu zuen Arri BKL Senior Mutilak taldeak Azpeitian (68-70). Beasaindarrek aldea hartu zuen, bigarren laurden bikainari esker (6-20) eta amaiera arte eutsi zioten asko estutu zuen aurkariari (54-64 bi minuturen faltan).

Artxandan, Atletico San Sebastián-ek neurketa apurtu zuen erdiko laurdenetan (23-40), Fundación Bilbao Basket-i irabazteko (70-76). Eta ostegunean hasi zen jardunaldia: Getxok garaipena erdietsi zuen Universidad Deusto Loiola Indautxuren zelaian (77-80).

BIGARREN MAILA

Alkideba Ointxe liderraren partidua ez zen jokatu (Salleko Renault Autonervion-en aurka) eta Mungia SK-ak aprobetxatu zuen lehen postuan kokatzeko. Bizkaitarrek argi eta garbi irabazi zioten Easo Tordowineri (72-38).

Rodamientos Ariztiren aurkako derbian lortutako garaipenak eta larunbatekoak bigarren postua eman diote San Prudenciori: 75-44ko emaitza gasteiztarrentzat, Cafetería Tártalo Ibaizabalen aurka. Igoera Faserako borroka, gasteiztarrez gain, bakarrik Estudios y Obras Rekalde Unamunok lortu zuen garaipena (87-75 Askartza Claret-en kontran).

Bai La Sallek bai Hotel Gran Bilbaok porrotak jaso zituzten. Deustoko taldeak galdu egin zuen Erroibide Cárnicas San Marcial-en zelaian (69-64), santutxukoek, berriz, etxean galdu zuten Mekalki Aloña Mendiren aurka (57-71).

Eta partidu garrantzitsuan beheko postuetan, Tabirako Baquek Rodamientos Ariztiri irabazi zion, 63-55ko emaitzarekin. Gasteiztarren hasiera ikusgarria (6-21), baina etxekoek erremontada ikaragarri lortu zuten atsedenaldia baino lehen (33-33).