Erabilera turistikorako etxebizitzetako iruzurraren aurkako postontziak 267 salaketa jaso ditu

0

Postontzia azaroan martxan jarri zenetik 267 jakinarazpen jaso ditu erabilera turistikorako etxebizitzei eta gelei buruz, gehienak erregistroan inskribatuta ez daudelako.

Turismo Sailak 442 ziurtatze-espedienteri eman die hasiera, horietatik 221 zehapen-espedienteak dira eta zehapenekin azkena emandakoak 69.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Sonia Pérez Ezquerrak informazio-bilera bat izan du hedabideekin, Turismoko zuzendari Goyo Zurrorekin batera. Bertan, erabilera turistikorako etxebizitzetako eta geletako iruzurraren aurka duela 3 hilabete martxan jarritako postontziaren emaitzak azaldu dituzte, baita erregistroaren eta zehapen-prozeduren egoera ere.

Sailburuak azaldu duenez, Euskadin erabilera turistikorako 3.706 etxebizitza eta gela daude; % 84 etxebizitzak dira eta % 16 gelak, kontuan hartuta prospekzioaren arabera 2.997 iragarki bereizi daudela plataformetan.

Sailburuak adierazi duenez, Saileko ikuskariek 442 ziurtatze-prozedura burutu dituzte; etxebizitzei dagozkie % 93 eta prozedura horien emaitzaz etxebizitza horietatik 117 baja eman dira ETEJEtik (Establezimendu Turistikoen Erregistroa) eta zehapen-espediente amaituak dira 69.

Iruzurraren aurkako postontziari dagokionez, 267 jakinarazpen jaso ditu erabilera turistikorako etxebizitzei eta gelei buruz, gehienak erregistroan inskribatuta ez egoteagatik (% 24), baimendutakoak baino plaza gehiago eskaintzeagatik (% 24) eta ikur ofiziala ez izateagatik (% 14). Intzidentziak ere detektatu dira Gizarte Erantzukizuneko Asegururik ez izateagatik edo publizitate engainagarria egiteagatik.

Sailburuak adierazi duenez, erabilera turistikorako etxebizitzen eta gelen Dekretua eta establezimendu turistikoen erregistroaren Dekretua onetsi direnetik, eta informazio-kanpainak eta ikuskaritza-errefortzuak daudenetik, “arazketa bat egin da, aldi berean merkatua erregulatzen joan den bitartean; hortaz, egonkortzen ari den fenomeno bat da”.