Berdintasunaren eta emakumeen ahalduntzearen aldeko belaunaldien arteko topagune izango da martxoaren 8ko kanpaina

0

Emakundek aurten aurkeztu duen martxoaren 8ko kanpainak iraganean eskubideak lortzen eta berdintasunaren aldeko urratsak ematen joan diren emakume guztiei egiten die omenaldia, eta belaunaldi berriei dei bat egiten die, kateari jarraipena emateko eta emakumeen ahalduntzea indartzen jarraitzeko. Kanpainak berdintasunarekin eta emakumeen eskubideekin lotutako  zenbait urteurren ekarri ditu gogora, hala nola, Beijingo Adierazpen eta Ekintza Plataformaren 25. urteurrena edo Berdintasunerako Euskal Legea onartu zeneko 15. urteurrena. Urteurren horiek gogoratuz, berdintasunaren aldeko eta emakumeen eskubideen aldeko lana atzetik datorren katea dela azpimarratu nahi du.

Kanpainaren leloa hauxe da: KATERIK GABE, KATEAN. Emakumeen batasuna adierazten du euren eskubideen borrokan, eta baita berdintasunaren aldeko lanaren belaunaldien arteko transmisioaren beharra eta emakumeen ahalduntzea bultzatzen jarraitzeko premia.

Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak kanpainaren aurkezpenean adierazi bezala, «etorkizuna eraikitzeak zerikusi handia du iraganarekin. Berdintasunaren aldeko lana ez da hutsetik sortu, genealogia feminista bat existitzen da eta denboran zehar aldarrikapenari eusteaz arduratu diren pertsona eta gizarte-eragile askoren konpromisoa. Kate hau bultzatzen jarraitzeko belaunaldi berrien konpromisoa lortzea da kanpaina honen helburu nagusietako bat, gazteriak eraiki nahi duen etorkizuna bistaratzeaz gain «. Landaidak, era berean, martxoaren 8a «emakumeen ahalduntze kolektiboaren erakusgarri berria» izan daitekeela adierazi du. “Era guztietako emakumeak, elkarrekin, beren eskubideen defentsan. Hala izatea espero dugu, eta Emakundetik babestuko ditugu mugimendu feministak deitzen dituen mobilizazioak, beti egin izan dugun bezala».

Kanpaina belaunaldien arteko topagune bihurtu nahi da, emakumeen eskubideen aldeko balioak transmititzeko leku bat: hamarkadetan emakumeen eskubideen alde lan egin duten pertsonen eta gazteen arteko topaketa irudikatu nahi du, eta, transmisio horren beharra azpimarratu, gizarteak aurrera egiten jarraitzeko eta berdintasun-espazioak irabazten jarraitzeko.

Ildo horretan, Emakundek aurten parte hartuko du NBE Emakumeak erakundeak bultzatutako «Berdintasunaren belaunaldia: emakumeen eskubideen eta etorkizun berdinzale baten alde» kanpainan. Kanpaina horren bidez, duela bi hamarkada baino gehiago Beijingo Ekintza Plataformaren sorreran ezinbestekoak izan ziren ekintzaileak eta belaunaldi berrietakoak biltzen ari dira.

Beijingeko deklarazioa emakumeen eskubideak sustatzeko mundu mailan inoiz izan den planik aurrerakoiena izan zen eta emakumeen ahalduntzea garapenerako funtsezko estrategia gisa aurkeztu zuen; Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea EAEko berdintasun-politiken aurrerapenean mugarri izan zen; eta Garapen Iraunkorreko Helburuak onartu zireneko 5. urteurrena ere betetzen da aurten, «genero-berdintasuna eta emakumeen eta nesken ahalduntzea» duelarik helburuetako bat. Urteurren hauek bat datoz aldarrikapen feministen gorakadarekin, bereziki gazteen artean, azken bi urteetako martxoaren 8ko azken mobilizazioetan agerian geratu den bezala.

Kanpainak kartelak, irrati-iragarkiak, banerrak eta bideo bat izango ditu, otsailaren 25etik martxoaren 10era bitartean ikusiko da kanpoko euskarrietan, komunikabideetan eta sare sozialetan. Gainera, kartelak bidali zaizkie erakundeei, ikastetxeei, osasun-zentroei, elkarteei, enpresei, kultur etxeei eta liburutegiei, etab.