Brusela: Genero Berdintasunerako Europako Institutuak EPSCO´ko lan-taldeari aurkeztu dio desgaitasuna duten pertsona heldu eta haurrentzako eta adineko pertsonentzako etxeko epe luzeko arreta formalari buruzko txostena

0

Gaur, asteartea, martxoak 3a, Bruselan, Europar Batasuneko Enpleguko eta Gizarte Politiketako Ministroen Kontseiluko —EPSCO— Enplegu eta Gizarte Gaietako Lantaldeak beste bilera bat egin du. Bilera horretan, Genero Berdintasunerako Europako Institutuak bere azken txostenaren emaitzak aurkeztu ditu, desgaitasuna duten haur eta helduentzako eta adinekoentzako etxeko epe luzeko arreta formalaren inguruan. GBEI-EIGEk epe luzeko zainketak aztertu ditu, baita etengabeko arreta emateko beharra ere. Institutuko bozeramaileak nabarmendu duenez, Europan biztanleria “gero eta zaharragoa da eta gehiago zahartzen da”. Zehaztu duenez, “datuak generoaren aldagaiarekin aztertuz gero, ikus daiteke emakumeek bizi-itxaropen handiagoa dutela, eta, hortaz, hirugarren adinaren aldian talde zabalena izan ohi dira”.

Halaber, Institutuko bozeramaileak azpimarratu duenez, “herrialde bakoitzeko egoera asko aldatzen da, ez bakarrik etxeko arretari dagokionez, baita zaintzaileek egiten duten zerbitzuagatik eta artatutakoek jasotzen dituzten tratuengatik ere. Oro har, genero-rolen esku dagoen zerbitzua dela esan daiteke. Beraz, zerbitzua oso feminizatuta dago, eta, gainera, etxez etxeko zerbitzu informala bada, emakume etorkinak izan ohi dira”. Halaber, bai zerbitzu formalean, bai familia-esparruan, zainketak eta arreta emakumeei dagozkiela adierazi du.

Lanaren arloan horrek izango duen eraginari dagokionez, “lanaldi luzeak, ordutegi ezohikoak, malgutasun txikia eta intentsitate handia eskatzen dituen lanbidea da” azaldu du Institutuak. Zerbitzuari dagokionez, nabarmendu du bere ustez dagoen “prestakuntza- eta lan-informaltasuna, bi aldeek jazarpenak eta indarkeria jasateko arriskuaz, bai zaintzailearen aldetik, bai artatutakoaren aldetik”.

EIGEko ordezkariak, amaitzeko, honako hau aldarrikatu du: “hezkuntza-prestakuntza handiagoa, zaintzak instituzionalizatzeko beharra, etxez etxeko zerbitzua lan-bizitzaren eta bizitza pribatuaren arteko orekara bideratzea, arreta-zerbitzuak bi generoek egitea eta Bartzelonako Prozesukoak baino xede eta helburu zehatzagoak bilatzea”.

Bestalde, Kroaziako Presidentetzak adierazi duenez, “lehentasuna da epe luzeko arretaren inpaktua murriztea lan-bizitzaren eta bizitza pertsonalaren arteko orekan”, eta ondorioen proiektua aurkeztu dio Kontseiluari. Ildo horretatik, ordezkaritzek honako hau nabarmendu dute: “haurrak zaintzeko eta artatzeko beharra, premia-egoeran dauden pertsonen zainketan genero-rolak murriztea, zaintzaren rolek sortzen duten soldata- eta gizarte-arrakala murriztea, zahartzaro aktiboa eta ongizatekoa bultzatzea, eta gizarte-babeseko egiturak sostengatzeko finantzaketa-funtsak sustatzea”.  Lehendakaritzak hurrengo bilerarako deia egin du martxoaren 30erako. Bihar, martxoak 4, COREPERek bilera egingo du.