Gobernu Kontseiluak oniritzia eman dio Lanbidek familiako eta laneko bizitza kontziliatzeko sustatzen dituen 2,2 milioi euroko laguntzak finantzatzeari

0

Gaur goizean, Gobernu Kontseiluak oniritzia eman dio familiako eta laneko bizitza kontziliatzeko eta seme-alabak edo mendetasun-egoeran edo oso osasun-egoera larrian dauden senideak zaintzeko eszedentzia edo lanaldi-murrizketa hartu duten langileak ordezkatzeko Lanbidek sustatzen dituen laguntzak finantzatzeari. 2020ko ekitaldirako deialdiaren dirulaguntza 2.200.000 eurokoa da.

Diruz lagundu beharreko jardunetan langabe gisa inskribatutako pertsonak kontratatzea aurreikusten da, besteren konturako langileak edo kooperatiba-sozietateetako bazkide langileak edo lan-bazkideak ordezkatzeko, eszedentzia edo lanaldi-murrizketa hartu badute.

Era berean, diruz laguntzen da eszedentzian edo lanaldi-murrizketan dagoen langile baten lanpostua betetzeko aurretik lanaldi partzialerako kontratatutako langile baten lanaldia luzatzea. Diruz lagundu daitezkeen gehieneko aldiak eguneratu egin dira, eta bikoiztu egiten dira ordeztutako pertsona gizonezkoa bada eta hura ordezkatzeko emakume bat kontratatzen bada.

Dirulaguntzaren zenbatekoa gertakari arruntengatik enpresak Gizarte Segurantzari egiten dion kotizazioaren % 100 izango da besteren konturako langileen kasuan, edo Araubide Orokorrean kotizatzen duten bazkide langileen edo lan-bazkideen kasuan, edo gutxieneko oinarriaren kotizazioaren % 100, Langile Autonomoen Araubide Berezian kotizatzen duten bazkide langileen edo lan-bazkideen kasuan, edota, hala badagokio, kotizatzen deneko kuota bakarra.

2019ko ekitaldian, laguntza horien batez besteko kostua 1.273,22 eurokoa izan zen, eta 1.497 kontratu diruz lagundu ziren. Horietatik 1.253 emakumeenak izan ziren, eta 244 gizonenak.  Laguntza horiek 467 enpresak jaso zituzten, eta 1.911.514,26 €-ko aurrekontua gauzatu zen.  2020ko ekitaldiari begira, gutxi gorabehera 1.728 pertsonaren kontratazioa finantzatzea aurreikusi da.