Hondarribiko Udalak dirulaguntzak bideratuko ditu oinarrizko gastuei aurre egiteko zailtasunak dituztenentzat

0

Hondarribiko Udalak gauden egoeran aurrera egiteko zailtasunak izango dituzten pertsona edo familientzat dirulaguntzak bideratuko ditu, elikadura eta ohiko etxebizitzaren alokairuaren ordainketan zentratuak.

Hala eman du aditzera Txomin Sagarzazu Hondarribiko Alkateak. “COVID-19arekin bizitzen ari garen krisiak oso eragin gogorrak ekarriko diru. Salbuespenezko egoera honetan pertsona batzuek zenbait arrazoirengatik –lan ezegonkortasuna, haien jarduera profesionala egin ezin izatea…- zailtasunak izango dituzte irauteko oinarrizko hainbat gasturi –elikagaiak, etxebizitzaren alokairua…- aurre egiteko”.

“Beraz, oso garrantzitsua da une honetan Hondarribiko Udalak iraupeneko oinarrizko gastuei aurre egiteko zailtasuna duten pertsona edota familia hauen gastuak estaltzeko lanetan aritzea. Horregatik, Gizarte Zerbitzuen departamentutik lan handia egiten ari dira, etengabe gainera, laguntza behar duenari laguntzen” gehitu du Sagarzazuk.

“Gizarte arloan lan handia egiten ari diren elkarteei nire eskerrona luzatu nahi nieke, adibidez Gurutze Gorria, Caritas, Elikagaien Bankua edota Nagusilan. Denok gara beharrezkoak aurrera egiteko” dio Sagarzazu Alkateak.

“Eusko Jaurlaritzatik aparteko kreditu bat gaitu da Gizarte Larrialdiko Laguntzetarako, eta Hondarribiko Udalari 75.000 euro gehigarri dagozkio, eta Udaletik uste dugu aipatutako helburu horietara bideratu behar dela laguntza”.

Elikagai eta etxebizitzaren alokairurako

“Atzo bertan Udalean ordezkatuak gauden alderdi guztien arteko Bozeramaile Batzordea burutu genuen, eta han aipatu genuenez, proposatzen da hileko kopuru bat ordaintzea elikagai kontzepturako. Pertsona bakoitzeko asteko 25 € ezartzea aurreikusten da, eta ohiko etxebizitzaren alokairua ordaintzeko beste kopuru bat, zorpetze egoeran egon edo ez egon”.

Eusko Jaurlaritzatik egindako kudeaketa gomendioak jarraituko dira, eta laguntzaren eskatzaileak eskabide-orri bat bete beharko du, kontu zenbaki bat eta ondasun eta sarreren erantzukizunpeko adierazpen bat sinatuz. Proposamena behin-behinekoa izango da, eta horrela azalduko da ebazpenean bertan eta horrela informatuko zaie laguntza emango zaien pertsona guztiei.

Alarma egoera bukatzean geratzen den dokumentazioa aurkeztu beharko dute, egoera ekonomikoari buruzkoa, erantzukizunpeko adierazpenean jasotakoa egiaztatzen duena.