Segurtasuneko sailburuak nabarmendu ditu alarma-egoeraren ondorioz ezarritako neurriak betetzen direla zaintzeko Ertzaintzak eta udaltzaingoek egiten dituzten kontrolak

0

Estefanía Beltrán de Heredia Segurtasuneko sailburuak nabarmendu du Ertzaintzak eta udaltzaingoek egiten duten lana alarma-egoeran ezarritako neurriak betetzen direla zaintzeko, koronabirusa hedatzen jarraitzea eragozteko helburuarekin. Joan den martxoaren 16tik, Ertzaintzak eta udaltzaingoek 83.000 ibilgailu geldiarazi dituzte, 49.000 pertsona baino gehiago identifikatu dituzte eta 12.000 salaketa jarri dituzte, eta orain arte horietatik 1.600etik gora jakinarazi dituzte.

Atzo, zehazki, 6.000 ibilgailu geldiarazi zituzten eta 2.000 pertsona identifikatu zituzten, eta, sailburuak esan duenez, “gutxi batzuk dira murrizketak saihesten saiatu direnak”, eta eskertu egin du, beraz, herritarren laguntza.

Esku-hartzean Euskadiko errepideetako egun hauetako trafikoaren intentsitateari buruzko datuak ere eman ditu Segurtasuneko sailburuak, ezohiko egoera honen beste adierazleetako bat izanik. Esate baterako, hiri eta herrietako trafikoa % 67,5 eta % 73 murriztu da eta ibilbide luzekoa % 62,7; mugaz gaindiko trafikoa, berriz, % 54 murriztu da.

Bestalde, Segurtasun Sailaren arduradunak aipatu ditu suteak itzaltzeko zerbitzuek, Ertzaintzako Lehergailuak Desaktibatzeko Unitateak eta DYAk nagusiki osasun-arloko eraikinak, polizia-instalazioak, larrialdietako eta eremu publikoak garbitzeko eta desinfektatzeko egin dituzten 1.000 zerbitzuak.

Bestalde, Estefanía Beltrán de Herediak bere agerraldian aipatu du “osasun-arloko pertsonalarekin batera, besteak beste, Ertzaintzak, udaltzaingoek, suhiltzaile-zerbitzuek, larrialdietako pertsonalak, Babes Zibileko boluntarioek, Gurutze Gorriak eta DYAk ematen duten  asistentzia-zerbitzuaren balio intrintsekoa, bai eta herritarrei, gehien behar dutenei eta gehien behar dutenean, halakoa izanik une hauetan bizi dugun egoera, laguntza ematen dieten pertsonen jardun efizientea ere”.