Gipuzkoako Urak Zarauzko Untzaingo ur biltegi inguruko hornidura sareak berrituko ditu

0

Zarauzko ur-hornidura sarea berritzeko lanen baitan, Zarauzko Udalak beharrezkotzat jotzen du herrian ordezkatzeko falta diren fibrozementuzko hodi zaharrak kentzea. Zentzu horretan, Iban San Martin Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak adierazi duenez, ‘Udalak aurtengo lehen hiruhilekoan Untzaingo biltegiaren inguruko ur-hornidura sarea berritzeko lanei ekiteko eskatu zion Gipuzkoako Urak sozietateari. Gipuzkoako Urak dagoeneko esleitu eta hasi du obra, 344.782,70 euroko exekuzio-aurrekontuarekin eta 3 hilabeteko epearekin. »

Fibrozementuzko bi arteria nagusi berrituko dira, Untzaingo biltegian jatorria dutenak eta autopista azpiko pasagunearen parean fundiziozko-sareekin lotuak daudenak.

Obra horiek Salberdinera lurperatuta eraman behar den argindar sare berria gauzatzeko lanekin koordinatuko dira. Salberdineko Hitzarmen Batzordeak Lurkide S.L. enpresari esleitu dio tentsio ertainean hornituko duen kanalizazio elektrikoaren obra zibila. “Obrak dagoeneko hasi dira, Salbide auzoko bidegorrian ondo antzeman daitekeen bezala” adierazi du San Martinek. Salberdin hornituko duen sare elektrikoa, Untzaingo azpiestazio elektrikotik hasi eta Salbideko bidegorritik igaroko da, Azken Portu Egaña kaletik zeharkatuz, Salberdinera iristeko, beti lur azpian, Araba kaleko berdeguneak zeharkatuz.

Obra honek, ibilgailuen eta oinezkoen zirkulazioan eragin puntualak ekarriko dizkiola aurreikusten denez, afekzio guztien berri emango zaie aurrez, inguruko bizilagunei.