Eusko Jaurlaritzak bertako produktuen kontsumoa aktibatzeko eta garraio publikoan segurtasuna areagotzeko kanpainak sustatu ditu

0

Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak koronabirusaren ondoriozko alarma-egoerarekin lotutako hiru kontzientziazio- eta hedapen-kanpaina jarri ditu abian. Helburua da, alde batetik, bertako produktuen kontsumoa sustatzea eta, bestetik, garraio publikoaren erabiltzaileek segurtasun-neurriak zorrotz betetzea. Gainera, ETEei laguntzeko kanpainak Herriaren ekonomia-jardueraren motorra sustatzeko aktibatutako programen berri ematen die enpresei.

Aupa! kanpaina Euskadiko Elikaduraren Clusterraren eta HAZIren laguntzarekin burutu da. Euskadiko kontsumitzaileei zuzenduta dago, eta arrantzaleen eta baserritarren lana azpimarratzen du, euren eguneroko eginkizunarekin kalitatezko elikagaien hornikuntza bermatzen dutelako.

Eusko Jaurlaritzak Euskadiko produktuak kontsumitzera gonbidatzen gaitu, baita alarma-egoerek kontsumo-ohiturak aldatu dituzten ezohiko une hauetan ere. Gainera, “gertatzen dena gertatzen dela, gauza batzuek ez dutela aldatu behar” gogoratzen du.

Prentsan, irratian eta telebistan gaur hasi den kanpaina hau indarrean egongo da maiatzera arte. Hala ere, maiatzaren amaieran bigarren emanaldi bati ekingo diote berriro, hilabete horretako produktuaren kontsumoa kontuan hartzeko.

Osasun-larrialdiko egoera honetan, Eusko Jaurlaritzaren beste kezketako bat da beren lan-jardueran aritzeko garraio publikoan joan behar duten erabiltzaileen osasuna. Horregatik hainbat euskarritan aholkuak emateko kanpaina bat abian jarri da: irratietan, tren/busen geltokien eta unitateen megafoniako iragarkietan, sare sozialetan, karteletan eta seinaleetan. Helburua da garraio publikoan kontuan hartu beharreko neurriak gogoraraztea.

Kanpaina horretan gogoratzen da garraio publikoa behar-beharrezkoa denean soilik erabil daitekeela. Kasu horretan, gainerako erabiltzaileekiko segurtasun-distantzia errespetatu behar da eta, behar izanez gero, hurrengo zerbitzuari itxarongo zaio. Zabaltzen den mezua norbera babesteko da: “Zaindu tartea eta jokatu arduraz”. Helbide honetan kontsulta daiteke: https://garraioak.eus/.