Zarauzko Udalak haurreskolako jardueraren etena aprobetxatu du berritze lanak egiteko

0

Zarauzko Udalak konfinamenduak eragindako etena aprobetxatu du Haurreskola berritzeko lanak egiteko. Lan batzuk gabonetan hasi baziren ere, falta zirenak hilabete honetan bukatuko dira.

Irune Urbieta Hezkuntza zinegotziaren esanetan: “Klaustroarekin hitz egin ondoren, hartutako erabakiak izan dira. Obren emaitzarekin oso gustora gaude eta eguraldiak asko lagundu du. Tarima eta luzeroa oso egoera kaxkarrean zeuden eta sukaldearen zati batek berriztapen bat behar izan du.”.

Guztira, 48.721 euroko inbertsioa egin du Zarauzko Udalak. Luzeroko egoera jakiteko informe bat eskatu zen eta ondoren berritu da.  15.669 euro inbertitu dira lan honetan eta Kooperatiba del Norte Conor enpresak gauzatu du. “Atariko tarima ere berritu egin da: urtearen poderioz egoera kaxkarrean zegoen eta erorketak saihesteko aldatzea gomendatu ziguten”, adierazi du Hezkuntza zinegotziak. Lan hau Zur-Eder aroztegia enpresak burutu du, 15.221 euroko aurrekontuarekin.

Sukaldeari dagokionez, 12.342 euroko inbertsioa egin da. Garbiketa gunea txukundu eta altzari berriak erosi dira: ontzi garbigailu indartsu bat eta plater eta edalontzi berriak besteak beste. Obra txikiago batzuk ere burutu dira, hala nola, arropak esegitzeko aterpea berritu edo manparetan euskarri berriak jarri.

“Osasun sailak zehaztu beharko du klaseak noiz bueltatzen diren, baina bitartean, Haurreskola hobetzeko prozesuan gabiltza, haurrak bueltatzen direnean, instalazioak eta materiala egoera bikainean egoteko asmoarekin”, adierazi du Urbietak.