212.500 €ko laguntzak onartu dira Memoria Historiko eta Demokratikoa berreskuratzeko egitasmoetarako

0

Eusko Jaurlaritzak argi berdea eman dio GOGORA – Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak egindako laguntzen deialdiari. Zehazki, bi dirulaguntza mota onartu dira, 212.500 eurokoak.

Lehendabizikoak 137.500 euroko zuzkidura du, diruz ekimen hauexek laguntzeko: Memoria Historikoa berreskuratzeko egitasmoak, Memoriaren Ibilbideen sorrera eta sinbologia frankista kentzea, Euskal Autonomia Erkidegoko udalek eta gainerako tokiko erakundeek egitekoa.

Zehazki, laguntzek honako jardun hauek sustatuko dituzte:

  1. Tokian tokiko ikerketa-jardunak, gerra zibileko eta diktadurako errepresioari, erbesteari eta balio demokratikoen egoera eta errealitateari lotutako jazoerak berreraiki eta prozesuak dokumentatzen dituztenak.
  2. Oroimen-ospakizun edo omenaldiak, errepresioaren, erresistentziaren eta gizarte demokratikoa eraiki duten pertsonen eta jazoeren ingurukoak.
  3. Zabalkunde-jardunak: jardunaldiak, mintegiak eta aldi baterako erakusketak, ikus-entzunezko produktuak eta ikerlanen argitalpenak.
  4. Altxamendu militarra, gerra zibila eta diktadurako errepresioa, orotara edo norbanakoen bidez, goresten dituzten armarriak, intsigniak, plakak, bustoak edo omentzeko diren beste objektu edo aipamenak kentzeko jardunak.
  5. Memoria Historikoaren ibilbideak sortu eta garatzeko jardunak, bertan sartuz espazioan bat datozen Euskadiko Memoria Historikoko toki bi edo gehiago biltzen dituzten multzoak, betiere historiaren edo sinbologiaren aldetik interpretazio-irizpide komunekoak. Ulertzen da Euskadiko Memoria Historikoko Leku bat dela Autonomia Erkidegoarentzat interesa duen espazio, higiezin edo ingurune bat, bertan garrantzi bereziko zerbait gertatu zelako, esanahi historiko edo sinbolikoa duelako edo, balio eta askatasun demokratikoak defenditzearren, memoria kolektiboan aztarna utzi duelako.

Bigarren dirulaguntza mota liburu berriak eta dokumentalak egitera bideratuko da, gaitzat hartuta Euskadiko memoria demokratikoa berreskuratzea, Gerra Zibiletik hasi eta gaur arte. Horretarako, 75.000 € bideratu dira.

Gaia, hala liburuetan nola dokumentaletan, memoria historikoan zein memoria berrienean egia berreskuratu eta argitzea izango da, betiere giza eskubideak babestearen eta horien urraketa salatzearen ikuspegitik. Egitasmo bakoitzak 5.000 euroko dirulaguntza izango du gehienez liburuetarako, eta 10.000 eurokoa dokumentaletarako.

Bi laguntza mota horiek eskuratzeko eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatuta, eta egitasmo guztiak 2020ko abenduaren 31rako egongo dira amaituta.

EHAAn argitaratutakoan, eskaerak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak izapidetzeari buruzko zehaztapenak euskadi.eus egoitza elektronikoan egongo dira eskueran, eta Gogoraren webgunetik ere sar daiteke.