“Arabako jaiak, etxez etxe”

0

Arabako Foru Aldundiak herritarrak animatu ditu San Prudentzio eta Estibalizko Andra Mariaren jaiak ospatzera egoerarekiko errespetua erakutsiz, balio dezaten bai Covid-19aren biktimak omentzeko bai aldarrikatzeko “bereziki azken asteotan erakutsitako komunitate espiritua”, #ArabakoJaiakEtxezEtxe kanpainaren barruan.

Ana del Val Kultura eta Kirol Saileko diputatuaren hitzetan, “Gizarte garen aldetik sufritzen ari gara, baina elkartu ere egin gara, komunitatearekin lehendik geneukan lotura estutu egin dugu. Alde horretatik, —nabarmendu du— Aldundiak uste du Arabako jaiak ospatu behar ditugula, egoerarekiko errespetuz, biktimak oroitzeko modua izan dadin, eta, zoritxarraren aurka elkar hartuta, erakutsi dugun komunitate izaera hori omentzeko modua ere bai.”

Horiek horrela, Aldundiak aurtengo kartelaren berri zabaldu du gaur, zeina lehiaketa bat egin ondoren hautatu baitu. Lehiaketak oinarri berriak izan ditu, eta oinarriok “oso ondo hartu ditu diseinu grafikoaren eta ilustrazioaren sektoreak”, adierazi du del Valek. Naiara Errastik egin du aurtengo kartela.

Zenbait bideo ere prestatu dira, sare sozialetarako eta bideo horiek programazioa egiteko zabaldu nahi dituzten komunikabideentzat. Kultura arduradunak jakinarazi duenez, bideoetan diputatu nagusiaren hitzaldi instituzionala ikusteko aukera izango da, Arabako Ilusionisten Elkarteko mago batek parte hartuko du, Arabako sukaldari batek perretxikoak eta barraskiloak prestatuko ditu txoko batean eta bideo berezi bat ere izango da, pregoi birtuala, azken urteotan pregoilari izan direnen hitzak jasoko dituena, eta hitz horien bidez “beren etxeetatik animo mezua zabalduko dute, baikor izateko eta jai bitxi hauek bizitzeko”.

Horiekin guztiekin batera, beste bideo batzuk ere izango dira, Euskal Filmotekaren artxibokoak, gure jaiei buruzkoak, edo lurraldean (Eltziego, Bastida, Agurain edo Gasteiz) euskal musika tradizionalaren eta dantzaren arloko kultura eta sorkuntza sektoreak egindako beste batzuk. Bideo horiek guztiak eskatzen dituzten komunikabide guztiei banatuko zaizkie, eta ikusgai izango dira sare sozialetan, #ArabakoJaiakEtxezEtxe traolarekin, eta webgune honetan: https://web.araba.eus/eu/san-prudentzio .