Lanbidek lehentasuna eman die Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentaren eskaera berrien tramitazioei

0

Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzuak lehentasuna eman die Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren eskaera berrien tramitazioei eta berriz hasteei, azken asteetan prestazioa kobratzeko sortzen ari diren itxaronaldiak minimizatze aldera. Aurrez aurreko arreta bertan behera uzteak eragindako egoeraren aurrean, Lanbidek erabaki du prestazioen hartzaileek dagokien errenta kobratzen jarraitu ahal izatea, Etxebizitzako Prestazio Osagarria barne, halakorik dagoenean. Era berean, bertan behera utzi dira ez-betetzeen ondorioz hasitako etete-prozesu guztiak.

Arartekoari igorritako erantzun batean, Lanbidek jakinarazi du azken asteotan beharrezkoak diren mekanismo guztiak gaitu dituela herritarrei arreta egokia ematen zaiela bermatzeko. Hartara, hasiera batean, zenbait helbide elektroniko gaitu zituen informaziorik premiazkoena helarazteko. Ondoren, Lanbideren web-gunean (www.lanbide.euskadi.eus) formularioak eskuragarri jarri ziren kasuistika bakoitzari dagozkion formularioak sartu ahal izateko. Aldi berean, Labideren web-gunean beste espazio bat gaitu zen hartutako ezohiko neurriei buruzko informazioa eskaintzeko.

Gainera, eta jakitun izanik Euskal Autonomia Erkidegoan pertsona guztiek ez dutela Internetera sartzeko edo tresna telematikoak erabiltzeko aukerarik, Lanbidek gogorarazi du KZgunearen sareak telelaguntza-zerbitzua eskaintzen duela, konfinamendu-garaian eten digitala gainditu ahal izateko. Hortaz, KZguneak telefono bidezko aholkularitza emango die Lanbideko erabiltzaileei, baldin eta web-gunearen bidez eskaerak egiteko zailtasunak badituzte, bai enplegu-eskatzaile gisa alta hartzeko, bai Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren eskaera-formularioa betetzeko, bai beharrezko dokumentazioa aurkezteko.

Apirilaren 17an sinatutako gutun batean, Arartekoak Beatriz Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuari eskatu zion azter dadila Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta eta/edo Etxebizitzako Prestazio Osagarria jasotzeko eskubidearen erabilera malgutzeko aukera, eta «ez dadila konfinamendu-egoeragatik edo gabezia teknologikoen berezko zailtasunengatik —trebetasunei dagokienez zein komunikazio elektronikorako behar diren gailuei dagokienez— aurkeztu ezin den dokumentazioa aurkeztera behartu”. Era berean, eskatu zion espedienteen tramitazio-epeak murrizteko aukera azter dadila.

Gutun horretan bertan, Arartekoak adierazten zuen jakitun dela “Enplegu eta Gizarte Politiketako Saila ahalegin handia egiten ari dela egungo zailtasunei aurre egiteko”, eta eskertzen zuen “herritar ahulenen babes soziala bermatzen jarraitzeko egiten ari den lana”.