Bilboko Udala 65 urte baino gehiago dituzten adinduekin harremanetan jarriko da

0

Bilboko Udala harremanetan jartzen ari da, telefono bidez, Bilbon 65 urte baino gehiago duten pertsonekin, jakitearren zer behar dituzten herritar multzo berezi gisa, batez ere haiek direlako zaurgarrienak egungo krisi sanitarioan. Dei hauen bidez, haiei buruz dugun interesa helarazten zaie, jakin nahi dugula zelan dauden osasunez eta animoz, ea egoera bereziren batean dauden edo ez (bakardadea, autonomia maila…), eta, gainera, jakin dezakegu ea Udal sailek zerbitzuren bat eskaini ahal ote dieten.

Ekimen honen lehen fasean, kalkulatu da 27.000 dei inguru egingo dituztela Bilboko Udaleko Gizarte Ekintzako Saileko profesionalek. Gizarte langile horiekin batera, boluntario talde bat jardungo da, Juan Mari Aburto Alkatea bera buru dela, bai eta zinegotziak, zuzendariak eta Udaleko enplegatuak ere.

Nolanahi ere, deitutako pertsonengan gaizki-ulerturik edo nahasterik ez sortzeko, Bilboko Udalak argi utzi du kontaktu horiek telefonoz baino ez direla egingo, eta inola ere ez dela etxeetara bisitarik egingo.

GIZARTE ZERBITZUAK INDARTZEA

Ekimen berri honen bitartez, Bilbok osatu egin ditu gizarte-zerbitzuek osasun-larrialdiko egoera horretan abian jarritako baliabideak, hala nola etxerik gabeko pertsonentzako gizarte-larrialdietarako baliabideak indartzea, bakardadeagatik arriskuan dauden hiribilduko adinekoei eta Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuaren erabiltzaileei arreta ematea –3.000 erabiltzaileei etengabe deituta–, eta Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen telefono bidezko arreta 010ean bateratzea, beste erabaki batzuen artean.

Bilboko Udalak, osasun larrialdiko egoera honetan, herritarrei gogorarazi eta eskatu nahi die laguntzeko detektatzen euren inguruan, auzoan edo bizilagunen artean, batez ere adineko pertsonen artean, egon daitezkeen bakardade-egoerak. Alde horretatik, Bizkaiko hiriburuan, % 24 dira 65 urte edo gehiago dituzten herritarrak, eta, hala, gako batzuk eskaintzen dira herritar horien artean bakardade egoerak hautemateko, edo oinarrizko beharrizanak asetzeko zailtasunak edo familia- eta gizarte-sareen laguntzarik eza hautemateko.

Honelako egoerarik hautemanez gero, Udalak herritarrei eskatzen die jar daitezela harremanetan Udal Gizarte Zerbitzuekin, 010 telefonora deituz. Horrela, Gizarte Zerbitzuetako profesionalek kasua baloratu, esku hartu eta zelan doan zainduko dute.

Herritarrei informazioa emateko 010 telefono horretan, gainera, Udalaren edozein saili buruz egiten diren dei guztiei erantzuten zaie, are Oinarrizko Gizarte Zerbitzuei buruz eta Udal Larrialdi Zerbitzuei buruz egiten diren deiei ere (LUZ). Era berean, Udalak gogorarazten du prest dituela herritarren arretarako ohiko kanal telematikoak, hala nola 010@bilbao.eus posta elektronikoa Zure Udalak aditzen dizu web ataria eta izapideak egiteko www.bilbao.eus webguneko egoitza elektronikoa.