Eusko Jaurlaritzak 2,5 milioi euro bideratuko ditu kostaldeko guneetako garapen lokaleko proiektuetara

0

Itsas Garapen Elkartea Arrantzako Toki Ekintzarako Taldeari 2020rako onartu zaizkion Toki garapeneko proiektu parte hartzaileetarako laguntzak arautzeko Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak emandako agindua onartu du Eusko Jaurlaritzak. Europako Itsas eta Arrantzako Funtsaren esparruan (FEMP) arrantza guneen garapen iraunkorrean laguntzeko, 2020an 2,5 milioi euro erabiliko dira guztira, programa hori finantzatzeko.

Itsas Garapen Elkartea Arrantzako Toki Ekintzarako Taldea (GALP) arduratzen da laguntza horiek kudeatzeaz, toki garapen parte hartzailearen babespean (EDLP). Laguntza horien lehen edizioa 2017an izan zen; beraz, 2020ko hau laugarrena da.

Itsas Garapen Elkarteak Euskadiko 15 udalerritan jarduten du, bai eta Donostiako kaiaren aldean ere, horiek baitira arrantzarekiko mendekotasunik handiena duten aldeak. Hauek dira udalerri horiek: Bermeo, Mundaka, Ondarroa, Getaria, Mutriku, Berriatua, Elantxobe, Orio, Hondarribia, Pasaia, Zumaia, Lekeitio, Lemoiz, Zierbena, eta Santurtzi. Horiek denek batera 141.500 biztanle inguru dituzte.

Aurreko ekitaldiak

Programa honen esparruan, 2019ko ekitaldian 2.232.500 euro erabili ziren guztira, eta 135 proiektu lagundu ziren (70 Bizkaian eta gainerakoak Gipuzkoan), 7 milioi euro baino gehiagoko inbertsioak aurreikusten baitzituzten.  Horietako gehienak (63) proiektu produktiboak dira, eta horien atzetik enplegua sortzeko proiektuak (54) eta proiektu ez-produktiboak (18) daude.

Aurreko ekitaldiei dagokienez, 2017an 1.835.000 euro erabili ziren guztira eta 2018ko deialdian 2,6 milioi euro baino gehiagoko kopurua izan zen. Lurraldeka, 2017an eta 2018an Bizkaian guztira 74 proiektu baliatu ziren laguntzez, eta Gipuzkoan 42 guztira.

Horiek denak sustapen pribatukoak dira eta itsasertzeko eremuetan ekonomia dibertsifikatzen eta enplegua sortzen laguntzen dute. Proiektuen tipologiaren adibide gisa, hona hemen orain arte onartu diren batzuk:

Bizkaia:

  • Bermeoko Neskatilen lan instalazioak.
  • Arroyabe Denda, latako produktuan sustatzeko eta saltzeko establezimendua, Bermeo erdialdean.
  • Bay of Biscay, turismo aktiboko eta itsasoko txangoen enpresa.

Gipuzkoa:

  • Getaria Apartamentuak, ostatu turistikoaren modalitate berria Getarian.
  • Sopak: Olagarroarekin hainbat plater lantzen dituen enpresa gastronomikoa.
  • Manuelak II, arrantza tradizionala turismoarekin eta aisialdiarekin lotzeko jarduera berriak eskaintzen dituen enpresa.
  • Elkanoren Ondarea, aisialdia, heziketa eta kultura Juan Sebastian Elkanoren figurarekin eta itsasoarekin lotura duten gai batekin bateratu nahi dituen proiektua.

Onuradunak

Laguntza hauen onuradunak izan daitezke pertsona fisikoak edo juridikoak, bai eta arrantzaleen kofradiak eta kofradien federazioak, arrantza sektoreko profesionalen elkartean eta elkarte horien federazioak, ekoizleen erakundean eta haien elkarteak, eta soilik arrantzaleek kofradiek edota arrantza sektoreko elkarteek osatuta dauden irabazi asmorik gabeko erakundeak ere.