Eusko Jaurlaritzak COVID-19a hedatzea eragozteko oinarri teknologikoko azpiegitura bat erabiliko du

0

Hamabost eguneko aurreikuspenarekin hasi zen eta ia bi hilabetez luzatu den konfinamendu baten prozesuan gaude. Halaber, fase berri baten atarikoetan gaude. Horrek, COVID-19arentzako txerto eraginkorrik ez dagoen bitartean, errealitate berri bat kudeatzea eskatzen digu. Errealitate horretan, epe mugagabe eta ezezagun batean birusarekin batera biziko den jarduera bat pixkanaka berreskuratu beharko da.

Testuinguru ezezagun horren aurrean erabakigarria da jarduerara itzultzea, gerora ager daitezkeen kalteak edo berragertzeak murrizteko bitartekoak ezarriz.

Horren haritik, eta Eusko Jaurlaritzak lehentasun osoa ematen dion kudeaketa sanitarioarekin batera, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak oinarri teknologikoko ekimen integral bat diseinatu du, jauzi kualitatiboa emateko eta orain arte birusari eusteko neurrietan erabilitako sistematikari garrantzi handiagoa emateko.

Ekimen horren arabera, pertsona immuneak eta ez-immuneak identifikatzen badituzte, euskal erakundeek (enpresak, erakundeak, administrazioa…) euren langileen osasuna babesteko neurri egokienak pertsonalizatu ahal izango dituzte, eta, aldi berean, produkzio-, gizarte- eta ekonomia-jarduerak, baita industria-jarduerak ere, oro har indarberritzeko balioko diete.

PRAP Euskadin iraulitako BRTAren sistema teknologikoa 

Konfinamendu fase honetan eta gaixotasunak eragin handiena zuen unean, BRTA sistema osasun arloko beharrak bilatzeko laguntza ematen ahalegindu da.

Gaur EHAAn argitaratutako Osasun sailburuaren 2020ko apirilaren 24ko Aginduaren (COVID-19a atzemateko proba diagnostikoak nola egin eta nola jakinarazi zehazten duena) arabera, Euskadin kokatutako titulartasun pribatuko diagnostiko klinikoko osasun-zentro, -zerbitzu eta -establezimendu guztiak, eta bertan ari diren langile guztiak Osasun Sailaren esanetara daude, Euskadiko osasun-sistemako baliabideak osatzeko helburuarekin.

Testuinguru horretan Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak honako proiektu hau diseinatu eta bere gain hartu du: COVID-19aren mehatxuaren testuinguruan Euskadiko produkzio-jarduerari berriro ekiteko eta mantentzeko proiektua (PRAP Euskadi).

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sareko giza baliabide, ekipamendu eta teknologia guztiak bateratu nahi dira, Osasuneko Euskal Sistemaren eta, oro har, Gizartearen eskura jartzeko. Tresna baliagarria da normaltasun berrira iragaten laguntzeko eta, behin betiko soluzioa aurkitu arte —txerto bat edo tratamendu eraginkor bat aplikatuz— birusarekin elkar bizitzea ahalbidetzeko. 

Jarduerari berriro ekitea eta mantentzea, birusa gehiago hedatzea eragozten saiatuz 

Ekimen horren —ibilbide luzekoa eta epe ertainera emaitzak emango dituela aurreikusiz helburua da Euskadiko produkzio-jarduera (soziala eta ekonomikoa) berreskuratzea eta, batez ere, mantentzea, birusaren hedapena geldiaraziko ez duen txerto bat ez dagoen bitartean, langileen artean birusaren hedapena geldiarazteko metodologia eraginkorra modu sistematizatuan aplikatuz. 

Probak egiteko prozesu hedagarria

Erakunde eta enpresa publiko zein pribatuei zuzendutako probak egiteko prozesu hedagarri batean oinarritutako esku-hartze protokolo bat egitea eta ezartzea aurreikusten da. Protokolo horren bitartez lan arloan birusa kutsatzeko arriskuak eta hura azaltzekoak murriztea bilatzen da; beraz, langileak ahalik eta segurtasun-berme eta jarduteko ahalmen handienarekin euren lanetara itzultzea da helburua. 

Euskadiren ahalmen zientifikoak eta teknologikoak 

  1. Analisi-laborategiak

Gauzatu behar diren eginkizunak behar bezala egikaritzeko, balidazio zientifikoko eta klinikoko laginketa-laborategien eta -taldeen sare bat abian jartzea oso garrantzitsua da. Horiei esker azterketak eta diagnostikoak ahalik eta langile gehienei egitea erabat bermatuko da.  Proiektuak eskatzen dituen laginketa- eta analisi-ahalmenak laborategi sareari emateko beharko diren laborategi guztiak identifikatzeko eta elkartzeko sistematika finkatuko da, Osasun Sailarekin elkarlanean. Esan dezakegu une honetan prozesu hori ia amaituta dagoela NEIKERen kasurako, eta ondoren, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sareko beste zentro batzuekin jarraituko dutela egiten.

  1. Analitika eta Adimen Artifiziala PRAP Euskadin

Profesionalen artean egindako testen ondorioz eskuratutako emaitzak eta euren lan-jarduerari lotutako ohituren galdeketaren ondorioz metatutako informazioa azpiegitura teknologiko batean analizatuko dira.

Eskuratutako datuen kudeaketa etorkizunari begira oso garrantzitsua izango denez, metatutako informazioak pandemiaren hedapena modu matematikoan moldatzen lagundu dezake. Gerta daitekeen hedapenaren intentsitatea eta modua erabakigarria izan daitezke jarduteko eta kutsatutako guneei eusteko.

Gainera, datu horiek gure telefono mugikorretako aplikazioetatik jasotako informazioarekin —adibidez, bihotz-maiztasuna eta oxigeno-asetasuna— gurutzatzea oso lagungarria izan daiteke pertsonengan sintomatologiak goiz hautemateko.

Adimen Artifizialak eta datuen algoritmiak ondorioak ateratzeko balioko dute, Osasun Publikoko Sistemarentzako zein enpresa-erakundeetan bertan erabakiak hartzeko balio gehigarriko informazioaren bidez. 

  1. Kontaktuen trazabilitatea / Esposizioak hautematea

Lanean normaltasuna berreskuratzen denean, infekzioak kontrolatzeko eta eusteko alderdi nagusietako bat kontaktuen trazabilitatea da, pribatutasuna gordez eta datuak babesteko araudia betez. Hainbat ekimen abian dira, adibidez, COVID-19.eus aplikazioak barne hartzen duen “kontaktuen zirkuluak” erregistroa. Ekimen horiek proiektuan modu egokian integratu beharko dira. 

Sektoreetako klusterrekin, enpresekin eta beste eragile batzuekin akordioak

Halaber, PRAP Euskadik lankidetza-akordioak aurreikusi ditu, SPRI Taldearen eta egokia iruditzen zaien klusterren, enpresa-elkarteen eta enpresen artean. Haietan, jarduteko prozedura homogeneoa ezarriko da eta Osasun Sailak eskatutako baldintzak betetzea bermatuko da.

Azken finean, prozedura horretan jardungo duten eragile guztiek euren langileen informazio anonimizatua Osakidetzarekin eta ekimen honen berezko plataforma teknologiko espezifikoarekin partekatu beharko dute.

Langileen kudeaketa

Pertsona immune, COVID-19an positibo eman duen pertsona, COVIDen negatiboa eman duen pertsona eta pertsona ez-immune moduan duten izaeraren arabera, pertsonak katalogatzeaz gain, plataformak langileen bizilekuari, beren bizikidetza-unitatea osatzen duten pertsonen kopuruari, ohiko etxebizitzan kutsatzeko arriskua izan dezaketen pertsonei eta aurretik izan dituzten gaixotasunei buruzko informazioa —erabat anonimizatua— kudeatuko du plataformak. Gainera, lan-inguruneko ohiturei buruz egindako inkesten datuak, eta hedabide espezializatutatik edo hedabide jeneralistetatik eskuratutako gaixotasunaren bilakaeraren inguruko informazio orokorra bilduko ditu.

Azken finean, testa langile gehiagori egiten dieten neurrian, aberasten eta hobetzen joango den “datuak ustiatzeko” tresna bat da. 

PRAP Euskadiren gobernantza

Proiektu horren garapenaren ardura Eusko Jaurlaritzak eta honek Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren eta Osasun Sailaren arteko koordinazioan finkatuko dituen mekanismoek izango dute. Bi sail horiek, SPRIrekin batera, koordinazio-bulego bat osatuko dute, eta SPRI izango da proiektuburua. Proiektuak Idazkaritza Tekniko baten babesa jasoko du.

Basque Research and Technology Alliance zentroko langilez osatutako idazkaritza teknikoa ekimenaren koordinazioaren gune nagusia izango da, bai ikuspegi logistikotik bai bertan parte hartzen duten erakundeen —enpresak, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sareko zentroak— kudeaketaren ikuspegitik.  Egunean 24 ordutan funtzionatuko du, asteko 7 egunetan, eta lan-fluxu osoa enpresekin koordinatzeaz arduratuko da. 

Hur-hurreko proiektu pilotua maiatzean

PRAP Euskadiren aurretik proba pilotu azkar bat egingo da. Proba hori datorren astean jarriko da martxan, BRTA osatzen duten eragileetako profesionalen eta garraio publikoko langileen lagin batean oinarrituz. Horri esker, prozesua balioetsiko da eta bertan hobekuntzak eta/edo aldaketak egitea proposatuko da, gerora, hala eskatzen duten Euskadiko enpresa guztietan aplikatzeko.

PRAP Euskadiren lehen proba pilotu hori honako elementu hauetan oinarrituta gauzatuko da:

  • Barne hartzen dituen kolektiboak: BRTAko 1000 profesional eta 1000 Garraio Publikokoak.
  • TESTa egiteko erabiliko duten teknika: Test azkar serologikoak eta PCRak uztartuko dituzte emaitza positiboa ematen duten langileen artean.
  • Nork egingo du: Serologikoak horretarako homologatutako laborategiek egingo dituzte,​ eta PCRak Neiker-BRTA zentro teknologiko publikoko laborategiak.
  • Lan-inguruneko ohiturei buruz bete beharreko galdeketa
  • Azpiegituran aplikatutako teknologia
  • Lehen proba pilotuaren garapena: maiatza

Euskadiren baliabideei eta ahalmenei buruzko ondorioak

Euskadin badago euskal enpresei prozesu hori azkartzen laguntzeko ahamen teknologikoa eta antolakuntzari lotutakoa. Hala, Eusko Jaurlaritzaren asmoa da —Ekonomiaren eta Garapen Azpiegitura Sailaren bidez— hori guztia betetzeko behar diren tresnak abian jartzea.

Horregatik, hemen proposatzen den proiektua oso garrantzitsua da euskal industriari eta produkzio-jarduerako —soziala eta ekonomikoa— eragileei  COVD19aren eragina murrizten laguntzeko. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sareak, BRTAren bitartez, behar horri erantzuteko bere ahalmenak antola ditzake. Proiektuak helburu hori lortzeko behar dituen baliabide ekonomiko, finantzario eta logistiko guztiak jarriko ditu martxan.