Euskadik konfinamenduan zehar berdintasunaren eta emakumeen aurkako indarkeriaren arloan egindako jardueren berri eman du

0

Izaskun Landaidak, Emakundeko zuzendariak, bide telematikoz parte hartu du gaur goizean Espainiako Gobernua, Irene Montero Berdintasunerako Ministroa eta bere lan taldearen bitartez, eta Estatuko autonomia-erkidego guztiak ordezkatuta dauden Berdintasunerako Sektoreko Konferentziaren bileran. Bertan, besteak beste, osasun krisia dela eta Biktimen Babeserako eta Laguntzarako Premiazko Neurriei buruzko martxoaren 31ko 12/2020 Errege Lege Dekretuaren esparruan EAEko erakundeek berdintasunaren eta emakumeen aurkako indarkeriaren arloan egindako jardueren berri eman du.

Landaidak jakinarazi duenez, Estatuan alarma-egoera deklaratu bezain laster, Emakundek, indarkeria matxistaren arloan euskal erakundeak koordinatzeko lanean, eta Emakume Biktimen Arreta Hobetzeko Erakunde arteko Akordioaren Jarraipen Batzordearen esparruan (2001), emakumeen aurkako indarkeriaren arloan eskumena duten euskal erakunde guztiekin harremanetan jarri zen, zerbitzuak zein egoeratan zeuden jakiteko. Lortutako informazioari esker, Jaurlaritzak eta aldundiek kudeatzen dituzten abian dauden baliabideen mapa eguneratu eta zabaldu ahal izan da, hala nola, udalek eskainitakoak. Datu hauek oso baliagarriak izaten ari dira eta eguneratuz doaz etengabe.

Hala, biktimak artatzeko 24 orduko telefonoa aktibo dago lehen unetik (900840111), indarkeriaren biktima diren emakumeak babesteko Segurtasun Sailak eskaintzen dituen zerbitzuak aktibo daude (bortxa telefonoa, genero-indarkerian espezializatutako ertzainak, segurtasun pribatua…), genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako ordainketa bakarreko prestazio ekonomikoaren eskaerak ebazten jarraitu da (laguntza eskatzeko bide telematikoa irekita dago, eta deiei ematen zaien arreta ziurtatuta dago), bermatuta daude Biktimei Laguntzeko Zerbitzua eta arlo judizialeko laguntza osoa hiru lurraldeetan, genero-indarkeriaren biktimentzako laguntza juridikoko doako zerbitzuak, berehalako harrera-zerbitzuak, biktima diren emakumeentzako egoitza-zentroak eta aholkularitza juridikoko eta laguntza psikologikoko zerbitzuak, besteak beste.

Denbora horretan, 24 orduko telefonoari eta 112 telefonoari buruzko informazioa indartu da, materiala hainbat hizkuntzatan argitaratu da, eta Emakunde ren eta EDEKAren arteko lankidetzaren bidez, desgaitasunaren arloan lan egiten duten euskal erakundeak biltzen dituen euskal koordinakundeak materialak egokitu ditu, konfinamendu-aldian indarkeria matxista jasaten ari diren emakume desgaituengana ahalik eta modurik eraginkorrenean iritsi ahal izateko.

Egin diren beste jarduera batzuk hauek izan dira: indarkeria matxistaren biktima diren emakumeak artatzen dituzten profesionalei zuzendutako Jabetuz prestakuntza-programan sartzea COVID-19aren pandemiak eragindako egoera, eta Emakunderen webgunean atal bat sortzea pandemiaren erantzunean genero-ikuspegia txertatzeko gomendioak jasotzen dituena.

Halaber, krisi-garai honetan jarritako salaketen kopurua berrikusi da, eta egiaztatu da genero-indarkeriako salaketak %36an jaitsi direla urteko beste une batzuekin alderatuta. Hala, martxoaren 7tik 13ra 90 salaketa jarri baziren, hurrengo asteetan behera egin zuten, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak martxoaren 16tik 31ra bitartean emandako datuetan ezartzen den bezala. Gaur egun, Segurtasun Saileko Estatistika Saila apirileko datuak prestatzen ari da, eta datozen asteetan argitaratuko dira.

Prebentzio-lan gisa, Ertzaintza arriskugarritzat jotzen diren kasuen banakako jarraipena egiten ari da.

SATEVI 24 orduko Telefono bidezko Arreta Zerbitzura egindako deiei dagokienez (900840111), deien kopurua pixka bat igo da konfinamenduaren aurreko asteekin alderatuta. Konfinamenduaren aurreko astean 35 esku-hartze egin ziren, eta hurrengo asteetan, batez beste, 52. Gainera, berehalako premiei buruzkoak igo egin dira, informazio-premiei buruzkoak baino gehiago, bai eta bisita- eta zaintza-erregimenei buruzkoak ere.