Urkullu: «Ohiko legezkotasuna berreskuratu behar da osasun publikoa bermatzeko»

0

Iñigo Urkullu Lehendakariak gaur goizean, Lehendakaritzatik bideokonferentzia bidez, Espainiako Gobernuko Presidente Pedro Sanchezek deitutako Autonomietako Presidenteen zortzigarren bileran parte hartu du, Covid-19 koronabirusak sortutako egoerari aurre egiteko.

Bere esku-hartzean, Lehendakariak egoera ekonomikoarekin eta enpleguarekin lotutako eta «orain arte erantzunik jaso ez duten» hiru gai zehatzi buruz galdetu dio Sanchez Presidenteari.

Lehenik eta behin, Lehendakariak galdetu du ea Espainiako Gobernuak maiatzean jarriko duen martxan Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera. Ildo horretan, Lehendakariak azpimarratu du Diru-sarrerak bermatzeko errenta bezalako laguntza-ereduekin koordinatu behar dela, eta lehen zirriborroa noiz jaso den zehazteko eskatu du.

Bigarrenik, Lehendakariak agerian utzi du enpresen, negozioen eta saltokien jarduera partziala eta Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedienteak mantentzea uztartu behar direla. «Egungo lanpostuak mantentzeko funtsezko tresna da», gaineratu du.

Hirugarrenik, Iñigo Urkulluk Europak duen garrantzia azpimarratu du. Hala, Lehendakariak esan du Europako proiektuan sinesten dugun guztion esku-hartze arduratsua beharko dela, «Europarik gabe, ez baikara ezer».