Osakidetzak pixkanaka hasiko du jarduera asistentzialera itzulera

0

Azken hilabete hauetan Osasun Sailak eta Osakidetzak erabaki zailak hartu dituzte, hala nola programatutako jardueraren zati bat bertan behera uztea, COVID pazienteen zirkuituak gainerakoetatik bereiztea, COVID pazienteentzako eremu espezifikoak antolatzea… Sailburuaren hitzetan “beharrezko” neurriak izan dira eta pandemia geldiarazteko “erabilgarriak”.

Orain, zuhurtziaz jokatzen jarraitu arren, Osakidetza, pixkanaka, jarduera asistentzialera itzultzen hasiko da, “koronabirusak gure artean egoten jarraituko duela” ahaztu gabe. Osakidetzaren plana ez da ibilbide-orri itxi bat, pandemiaren bilakaerak baldintzatuko duelako.

Planak hainbat esparru bilduko ditu:

  • Ospitaleetako kanpo-kontsultak: atzeratutako kontsultak hartuko dira eta, horien urgentzia aztertu ondoren, aurrez aurreko edo telefono bidezko kontsulta egin behar den ikusiko da. Lehendabizi, atzeratutako lehentasunezko kasuak aztertuko dira eta, ondoren, arruntak. Aurrez aurreko edozein kontsultaren aurretik telefono dei bat egingo da covid pazienteak antzemateko.
  • Proba diagnostiko osagarriak: Benetan beharrezkoak diren probak lehenetsiko dira eta kontsultekin multzokatuko dira prozesua erabakigarriagoa izateko.
  • Programazio kirurgikoa: Ebakuntza kirurgiko baten edo prozedura inbaditzaile baten zain dauden pertsonei, euren tratamenduaz arduratzen den mediku taldeak, telefono bidez, euren osasun-egoera baloratuko du, urgentzia eta kalkulatutako epeak zehazteko.
  • Lehen mailako arreta: epidemiaren detekzio goiztiarrean eta kontrolean funtsezkoa izango da. Gainera, telefono bidezko arreta lehenesten jarraituko du eta osasun-zentroetan, pixkanaka, aurrez aurreko arreta berriro ezartzen hasiko da. Martxoaren erdialdean baheketa-programak berriro egiten hasiko dira.

Jarduera pixkanaka berreskuratzeari buruzko hainbat adibide.

  • Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak 18 ebakuntza-gela zabalduko ditu. Gainera, covid gaixotasuna ez duten pazienteentzako 6 ospitalizazio-unitate prestatu ditu —guztira 210 ohe— paziente mediko eta kirurgikoentzat.
  • Txagorritxu Arabako Unibertsitate Ospitalean, datorren astetik aurrera 4 ebakuntza-gela zabalduko dira, atzera ezin daitezkeen jarduketez gain, lehentasuna duten ebakuntzak gauzatzeko. Solairuak pixkanaka garbituko dituzte.
  • Santiago Arabako Unibertsitate Ospitalea 5 ebakuntza-gela irekita izatetik 6 izatera pasatuko da datorren astean; eta psikiatriaren arloan, Santiagora bueltatuko dira Basurtuko Ospitalean zegoen haur eta gazteen psikiatria-unitatea, baita Arabako Psikiatrikora eramandako nagusiei zuzendutako psikiatria eremua.
  • Basurtoko Ospitaleak 10 ebakuntza-gela zabaltzea aurreikusi du, jarduera kirurgikoa handitzeko.
  • Atzoz geroztik Urduliz COVID gabeko ospitalea da. Koronabirusa zuten 105 paziente baino gehiago edukitzera heldu zen.
  • Gauza bera San Eloy eta Arrasate ospitaleen kasuan. Arrasaten, aste honetan, jarduera kirurgikoa % 60 ingurukoa izatea programatu da, eta datorren astean bere ohiko ahalmenera helduko da.
  • Barrualde Galdakao ESIan lehen mailako arretari lotutako neurriak lantzen ari dira, ekipoen sektorizazioa handituz, COVID duten eta ez duten pazienteen zirkuituak handitzeko. Datorren astean psikiatria itzuliko da eta 8 ebakuntza-gela jarriko dituzte ospitalean.