Eusko Jaurlaritzaren ustez, osasun publikoaren kudeaketa positiboko 20 urtek bermatzen dute Euskadik eraginkortasunez kudea dezakeela deseskalada

0

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak eta Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko sailburuak ohiko prentsaurrekoa eman du Gobernu Kontseiluaren ondoren, Nekane Murga Osasun sailburuarekin batera.

Josu Erkorekak kazetariei erantzunez esan du, pandemiaren aurkako borrokan hartu diren zenbait erabaki zentralizatzaile ikusita, badirudiela zentralismoa eraginkortasunaren sinonimoa dela eta autonomia erkidegoak edo edozein keinu deszentralizatzaile kaosaren jatorrian daudela. Bozeramaileak gaineratu duenez, «guk ezin dugu planteamendu hori partekatu. 40 urteko estatu autonomikoaren ondoren, uste horiek iraganean geratu zirela uste genuen, erabat gaindituta zeudela. Uste genuen, 20 urtez Osasun Publikoan kudeaketa positiboa egin ondoren, arduradun instituzional guztiek eta gizarte osoak onartzen zutela autonomia-erkidegoek ere eraginkortasunez joka dezaketela».

Era berean, Isabel Celaá Hezkuntza ministroak ikasgeletara itzultzeari buruz egindako adierazpenei dagokienez, Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak adierazi du komunikabideetatik izan dutela albistearen berri, eta ez dagoela autonomia-erkidegoekin eta, zehazki, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuarekin kontrastatuta. Erkorekak gaineratu duenez, «harritu egin gaitu neurria aldez aurretik egiaztatu ez izanak. Uste dugu proposamen hori autonomia-erkidegoek aztertu behar dutela, haiek baitute zer esan handiena datorren ikasturtean hezkuntza-eskaintza antolatzeari dagokionez».