Martxoan eta apirilean 21.404 langabe gehiago Euskal Autonomi Erkidegoan

0

Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzuak, apirilaren amaieran, 138.643 pertsona ditu langabezian erregistratuta. Horrek esan nahi du laugarren hil honetan langabe-kopuruak gora egin duela; 10.430 pertsona gehiago dira (+% 8,13). Hala, Covid-19aren pandemiak euskal lan-merkatuan 21.404 langabe gehiago utzi ditu azken sei asteotan.

“Pandemiaren ondoriozko egoerak izugarri astindu du euskal ekonomia. Eta euskaldunen ekonomia”, esan du Borja Belandia Lanbideko zuzendari nagusiak. “Oraindik zalantzazko egoera batean gaude, eta oso zaila da kalkulatzea pandemia lan-merkatuan izaten ari den edo izango duen benetako eragina. Ezin da neurtu izango duen eragina, baina datuek agerian uzten dute egoera, dagoeneko, larria dela”, esan du.

Apirilean, ostalaritzarekin eta merkataritzarekin zerikusia duten jarduerek izan dute eragin handiena, berriz ere; haien artean nabarmentzekoak dira jateko eta edarien zerbitzuak (924 langabe gehiago) eta txikizkako merkataritza (+823). Baina, ehunekoari begira, industrian izan den gorakada nabarmendu behar da; izan ere, hartan, langabeziak % 8,91 egin du gora. Haren atzetik doaz, oso hurbiletik, zerbitzuak (+% 8,82) eta eraikuntza (+% 7,76).

Azken hilean, langabeziak hiru lurraldeetan egin du gora: gehien, termino erlatiboetan, Araban egin du gora. % 9,12ko igoera izan du bertan, hilabete lehenago baino 1.955 langabe gehiago; guztira, 23.403 pertsona. Gipuzkoan % 9,04 egin du gora, martxoan baino 3.082 langabe gehiago; 37.179 pertsona daude langabezian. Bizkaian, martxoan baino 5.393 langabe gehiago egon dira; hala, 78.061 pertsona daude guztira langabezian, eta, beraz, % 7,42ko igoera egon da.

Azken hilean, langabeziak 34 urtetik beherakoen artean egin du gehien gora, eta nabarmentzekoa da 25 eta 34 urte bitartekoetan (langabezia % 13,01 areagotu da haietan).

Gainera, nabarmentzekoa da langabezian geratu berri diren 10.430 pertsonetatik erdiak baino gehiagok gehienez derrigorrezko irakaskuntzako ikasketak dituztela. “Kolektibo horrekin lan handia egin beharko dugu beren enplegagarritasuna hobetzeko”, esan du Belandiak.

Hori horrela, Lanbideko zuzendari nagusiak honako hau nabarmendu du: “duela egun gutxi, lan-eremuan erreferentziazkoak diren bi galdetegiak argitaratu dira: EINen Biztanleria Aktiboaren Inkesta eta Eustaten Biztanleria jardueraren arabera sailkatzeko inkesta. Biek erakusten dute euskal lan-merkatuak jarraitzen zuela zifrak hobetzen, martxoaren bigarren hamabostaldira arte. Gure langabezia-tasa % 10etik beherakoa zen. Bide hori ahalik eta lasterren berreskuratu behar dugu”.

“Lanbiden mota guztietako ekintzetan ari gara lanean. Besteak beste, gazteak eta beste kolektibo batzuk udalen bidez kontratatzeko dauden laguntza-ildoak; ahalik eta lasterren berreskuratuko ditugun prestakuntza-programak; pertsona bakoitzak bere gaitasunetara bideratutako orientazioa jaso ahal izateko arreta pertsonalizatuko sistemaren ezarpena. “Erabakiak hartu behar dira, eta hala egiten ari gara”.