230.000 zergaduni 215 milioi euro itzuliz hasi da Errenta-kanpaina Bizkaian

0

Maiatzaren 4an 2019ko Errenta-kanpaina hasi zen Bizkaian. Kanpainaren lehen egunetan, 230.000 zergadunek jasoko dituzte itzulketak: guztira, 215 milioi euro. Foru Ogasunak kanpaina osoan itzuli asmo dituen 432 milioien erdia da kopuru hori. Gainerako zergekin bezala, PFEZari dagokionez ere itzulketak egiteko prozesuak bizkortzen ari da Foru Ogasuna, horrela sustatzen baitu zergadunen likidezia COVID-19aren osasun-larrialditik sortutako krisi ekonomikoa dugun honetan.

Itzulketak lasterragotzeko ahalegin hori langile autonomoei zuzendu zaie bereziki; horregatik, kanpaina honetan, Errenta Etxean proposamenen hartzaile-taldean sartu dira, PFEZa lehenago itzul dakien, hain zuzen ere. Hala, aurreneko itzulketen artean, 26.000 langile autonomoenak eta haien ezkonlagunenak daude: horiei, 28 milioi euro itzuliko zaizkie maiatzaren lehen egunetan.

Kanpaina hastearekin, epea irekiko da Errenta-aitorpena Interneten bidez aurkezteko. Horretarako, www.bizkaia.eus/errenta helbideko laguntza-programa eta datu fiskalen deskarga erabili behar dira. Aurkezpen-kanal hori 161.000 aitorpen baino gehiago egiteko erabili zen iazko kanpainan, guztien herenak; beste 117.000, berriz, errenta egiteko doako zerbitzuaren bitartez aurkeztu ziren bankuetan. Aurtengo kanpainan, geroratu egin da aurrez aurreko zerbitzua, osasun-larrialdiak hura berriz martxan jartzen utzi arte; larrialdia amaitzean amaituko da kanpaina ere.

Horregatik, aurreikusitako itzulketa guztiak ahalik eta lasterrena egiteko, gomendagarria da ahal den guztietan erabiltzea aurkezpena Interneten bidez egiteko kanala. Dena dela, Bizkaiko Foru Ogasunak, bere konpromisoari eutsiz, egoerak agindu bezain pronto eskainiko ditu aurrez aurreko zerbitzu arruntak. Gainera, beste alternatiba batzuk aztertzen ari da zergadunari laguntzeko zerbitzuak indartzeari begira.