Euskal administrazio publikoko langileak gaur itzuli dira lan presentzialera

0

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean eta haren erakunde autonomoetan lan egiten duten langileek berriro ekin diote lan presentzialari, mailaz maila, pixkanaka eta, betiere, pertsonen pilaketak saihestuz. Garai berri honetatik aurrera, pertsonen arteko gutxieneko lan-distantziak 2 metrokoa izan behar duenez gero, Eusko Jaurlaritzak zenbait aldaketa fisiko egin ditu altzarietan, eta espazio komunen erabilera murriztu du, distantzia hori mantendu ahal izateko.

Gainera, eraikin publikoetako sarrerako eta irteerako tornuetan pilaketak saihesteko eta lekualdatzeen ondoriozko mugimenduak murrizteko, Eusko Jaurlaritzak eguneko 7 orduko lanaldi jarraitua ezarri du, edozein unetan hartu ahal izango den 20 minutuko atsedenaldiarekin eta sartzeko eta irteteko ordutegi malgu orokorrarekin: langile publikoak 7:30etik 9:00etara bitartean sartu ahal izango dira, eta 14:30etik 16:00etara bitartean irten.

Martxoaren 17tik gaur arte, lan presentziala % 20ra murriztu zen, funtsezko zerbitzu publikoei erantzuteko behar-beharrezkora soilik. Gaurtik aurrera, Eusko Jaurlaritzak kalkulatu du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean eta haren erakunde autonomoetan lan egiten duten 7.000  langileetatik % 60 itzuliko direla lanera, gainerako % 40 lehen une hauetan salbuetsitako taldeetakoak baitira.