Lanbideren kulturako profesionalentzako laguntzak irizpide zehatzetan oinarrituta esleituko dira

0

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak argitu nahi izan du Lanbidek kulturako profesionalei ematen dizkien laguntzak ez direla zozketa bidez esleituko. Laguntza horiek esleitzeko, gaur EHAAn argitaratutako deialdian jasotako irizpide eta baldintza zehatzak aplikatuko dira. Diruz lagundu daitezkeen eskabideak funtsaren 2,5 milioitik gorakoak badira, zozketa bidez erabakiko da zein ordenatan bideratuko diren eskabideak. Eredu horrek, iritsiera-ordenaren ereduak ez bezala, aukera bera ematen die profesional guztiei laguntza jasotzeko, 10 eguneko epean eskaera behar bezala egiteko, oztopo teknologikorik gabe eta lehen eskatzailea izateko premiarik gabe.

Joxean Muñoz Kultura sailburuordeak gai hau argitu nahi izan du: “Argi dago diru-laguntzak ez direla zozketa bidez adjudikatuko. Kontua da nondik hasi eskaerak aztertzen, eta egoki aurkeztu bada, nondik hasi ordaintzen. Iritsi den lehenengotik?  Lehen iritsi den eskaeratik hasteak logikoa dirudi, baina guk eragozpen handiak ikusten genizkion sistema horri. Denbora eman nahi diogu jendeari bere eskaerak prestatu ditzan. Gainera, horretarako ipini dugu aholkularitza zerbitzu bat. Eta 10 eguneko tartea egongo da eskaerak txukun prestatzeko”.

“Ez genion lehentasuna eman nahi kudeaketan trebeena den horri, prozedura telematikoak hobekien ezagutzen dituenari, edo bere zenbakiak txukunen kudeatzen dituenari. Guztiei eman nahi genien aukera berbera. Beraz, 10 egun guztientzat, eskaera aurkezteko. Eta gero, dossierrak aztertzen nondik hasi erabakitzeko, zozketa egingo da, notarioaren aurrean. Zozketa horrek erabakiko du zein den atendituko den lehen eskaera. Gero, hurrenkeran, beste guztiak atendituko dira. Ez dakigu deialdiaren dirua agortuko den, agian ez; hala ere, deialdi irekietan beti jasotzen da dirua agortu artekoa dela. Zozketa bidez erabakitzea eskaeren ordena, hori ere ohikoa da deialdietan”, azaldu du Muñozek.