Mila bilbotarrek erabili dute lehen aldiz e-liburutegia azken asteotan

0

Kulturak bide berriak aurkitzen jarraitzen du Interneten egun hauetan. Martxoaren 13tik aurrera, eLiburutegia Euskadiko Irakurketa Sare Publikoko plataforma digitalak Bilbotik datozen mila erabiltzaile berri inguru ditu, eta, zerbitzu horretara hurbilduz, agerian geratzen da kultura-produktuak pertsona askoren aisiarako aukera gogokoena direla garai hauetan.

Bestalde, Udal Liburutegien Sareak online katalogo zabala eskaintzen du gustu, publiko eta adin guztietarako. Gainera, liburutegietako sare sozialek argitalpenak areagotu dituzte azken asteetan. Facebooken informazioa bilatzen duenari laguntzeko sarrerak idatzi dira: eLiburutegia erabiltzeko moduari buruzko azalpenak, irakurketa- eta zine-gomendioak, antzerki- edo opera-proposamen doakoak martxan jarri dituzten Bilboko kultura-eragileen aisialdiko ekimenak eta Bilboko Udalak argitaratutako online kultura-agendarako estekak.

Datu guztiek goranzko ildo berari jarraitzen diote. Liburutegien blogak sarean aurki daitezkeen nobedadeen berri ematen du aldian-aldian, eta informazio praktiko eta gomendio desberdinak ematen ditu. Gaur egun, 2.000 harpidetza ditu guztira, eta, beraz, %400 gehiago. Era berean, liburutegien biltegi digitala, Bilboko Liburutegi Digitala, liburutegien funts inprimatu digitalizatua osorik ikusi eta deskargatzeko aukera ematen duena, nabarmen hazi da, bai deskargetan (%71), 13.600etatik 23.400era, bai kontsultetan (%51), 4.200etatik 6.300era.