Bilboko Udalak oinezkoentzako guneak berriro prestatuko ditu asteburu honetan

0

Joan den asteburuan prestatu ziren guneak berriro atonduko ditu Bilboko Udalak zapatu eta domeka honetan oinezkoen joan-etorriak errazteko, beti ere distantzia fisikoa gordetzeko leku nahikoarekin.

Zortzi barrutietan aldi baterako neurriak hartuko dira zenbait espazio gordetzeko; espazio horietan ibilgailu pribatuaren erabilera murriztuko da, abiadura orduko 20 kilometrora mugatuko da eta oinezkoek eta bizikletek lehentasuna izango dute. Guztira, 126.330 metro karratu izango dira, non errazagoa izango baita joan-etorri osasungarriagoak eta jasangarriagoak egitea.

IBILTARIEN SAREA

Hain zuzen ere, ibilbide seguruagoak eta irisgarriagoak proposatzeko asmoz, Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailak aldaketa batzuk egin ditu Osasun eta Kontsumo Sailak “Ibiltarien Sareko” 15 ibilbideetan, pertsonen joan-etorriak hobetzeko eta jende pilaketak saihesteko.

Aldaketa horien artean daude semaforoetako denborak egokitzea oinezkoei lehentasuna emateko, espaloiak aldi baterako zabaltzea, norabideak mugarritzea, seinale gehiago jartzea. Bihotzaren Espainiako Fundazioak oraintsu saritu ditu ibilbide horiek, uriak herritarrentzako inguru atseginagoak bihurtzeko ekimenaren adibide argia direlako. Edozein adinetan egiteko modukoa paseoak dira, gutxi gorabehera ordu bikoak.