Barakaldo Antzokia Bizkaiko Dantza Etxearen egoitza ofiziala izango da

0

Barakaldo Antzokia prestatzen ari da bere aretoetan txaloak berreskuratu ahal izateko. Eta dantza da horretarako bere apustu handia.  Barakaldoko Udala, Bizkaiko Foru Aldundiarekin lankidetzan, gauzatzen ari den hitzarmenari esker Barakaldo Antzokiak Bizkaiko Dantza Etxea hartuko du. Sormen-gune hori Euskadiko Dantzako Profesionalen Elkartearekin (ADDE) koordinatuta kudeatuko du, Barakaldo eta bere antzokia sektoreko erreferente bihurtzeko.

Proiektu hau Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailaren eta Barakaldoko Udalaren arteko lankidetzatik -Kultura Arloaren eta Barakaldo Antzokiaren bitartez- eta ADDEren bitartez Bizkaiko dantzaren sektorearekin egindako elkarlanetik sortu da. Helburua Bizkaiko artista eta dantza konpainien egoitza artistikoak eta entseguak hartzea da, baita profesionalentzako edo herritarrentzako jarduera paraleloak antolatzea ere, hala nola, entsegu irekiak, klase magistralak eta abar, «zuzeneko arteen erakustaldia eta gure antzokian presentzia berezia duen dantza programazioa osatzeko», Amaia del Campo Barakaldoko alkateak azaldu duenez.

ANTZOKIA PRESTATZEA
Proiektua martxan jartzeko, Barakaldo Antzokiak bere aretoetako bat egokituko du, dantza aretoa, gaur egun konpainientzako entsegu gune bezala erabiltzen dena. Horretarako, Bizkaiko Foru Aldundiak 50.000 euro jarriko ditu hitzarmenaren bidez.

«Aukera paregabea da gure hiria erreferente izan dadin dantzaren munduan, eta erakarpen eta topaketa puntu bat sor dadin gure Barakaldo Antzokian», esan du Del Campok. «Horri esker, kulturaren aldeko apustua egiteaz gain, jarduera ekonomikoa eta enplegua erakarri eta sortu ahal izango dugu Barakaldon, eta lehen gure helburu nagusien artean bazeuden, pandemiak lehentasun absolutu bihurtu ditu», azpimarratu du alkateak.

IRAILEAN IREKITZEA ETA SARRERAK ITZULTZEA
Barakaldo Antzokia bere ikuskizunen egutegia gaur egungo egoerara egokitzen ari da, oraindik ere aldakorrak baitira, balizko irekiera-datarako programazioa prest izateko; hasiera batean, irailerako aurreikusita dago.
Azkenik, Antzokiak sarreren zenbatekoa itzuliko diela iragarri du Covid-19ren ondorioz bertan behera utzi behar izan dituzten ikuskizunetarako txartela erosita zutenei.