Arabako Foru Aldundiak COVID-19aren ondoren ekonomia suspertzeko egindako planak 29 milioi euro mugiaraziko ditu

0

Ramiro González Arabako diputatu nagusiak Plan A aurkeztu du, hau da, «Araba Arabaren alde mugiaraztea» helburu duten 50 neurri ekonomiko biltzen dituen talka plana. Ekintza ekonomikoak, zergen arlokoak, finantzetakoak eta kontsumoa sustatzekoak dira, eta sektore guztien aliantzetan eta parte hartzean oinarritzen dute beren estrategia, baita tokiko kontsumoan ere, krisitik ateratzeko gako nagusi gisa. “Kontsumoa aktibatzea hemen, Araban, eta modu parte hartzailean egitea, guztiekin: autonomoak, ekintzaileak, merkatariak, ostalariak, ardogileak, enpresak, langileak, familiak … sare bat sortuta zerbitzuen, kontsumitzaileen eta Administrazioaren beraren artean. Gure lurraldean sinesteko garaia da, haren potentzialean, haren taberna eta saltokietan, haren baliabide turistiko eta kulturaletan, gure auzoko dendan, gure herrian… Arabaren alde egiteko garaia da. A Plana Araba da”, halaxe laburbildu du Gonzálezek lurraldea suspertzeko plan ekonomikoa.

Guztira, ‘PlanÁ’-k 29 milioi euro mugiaraziko ditu (18,3 zuzenean eta 10,7 zeharka). Kopuru horri beste 248,5 milioi euro gehitu behar zaizkio, Foru Ogasunak zerga neurrien bidez txertatuko dituenak, hala nola zergen ordainketak atzeratzea enpresen eta familien likidezia ziurtatzeko une zail hauetan, eta zerga arintzeak eta bestelako neurri ekonomikoak.

Gainera, Arabako agintariak esan du inbertsioak egiten jarraituko duela; hain zuzen ere, 60 milioi euro. Hori guztia, gainera, ikuspuntu soziala ahaztu gabe, dirubilketaren jaitsiera nabarmenak ez baitu eragingo lurraldearen politika sozialetan. “Zerbait ikasi badugu krisialdi honetan izan da zein garrantzitsua den gure babes sozialeko sistema. Oso harro egon behar gara dauzkagun zerbitzu sozialez eta haietan lan egiten duen pertsona bakoitzaz. Hortaz, Arabako Foru Aldundiaren ekonomia eta aurrekontu estrategian, politika sozialek pisu handiagoa izango dute, eta are erdirago egongo dira” nabarmendu du.

Plan ekonomikoak 10 bloke ditu, xede komun bat daukatenak: enplegua mantentzea lurraldearen sektore ekonomiko guztietan; batez ere, krisialdiak gehien kaltetu dituenetan.