Arabako Nekazaritza eta Abeltzaintza sektoreari laguntzeko planak mantenduko dira

0

Nekazaritza Saila, Arabako Foru Aldundiko gainerako sailak bezala, aurrekontuaren azterketa betean dago, 2020rako aurreikusitako diru bilketa txikiagora egokitzeko. Hausnarketa betean, Eduardo Aguinaco Nekazaritza diputatuak agerraldia egin du Batzar Nagusien aurrean prozesuaren berri emateko, eta sektoreari zuzendutako laguntza planak sendotuko dituela iragarri du, ekonomia mantentzeko eta suspertzeko eragile direla iritzita.

«Sektoreari zuzendutako laguntza-plan guztiak finkatuko ditugu 2020an, 6.500.000 euroko guztizko zenbatekoarekin. Horrekin, konfiantza eta lasaitasun mezu bat helarazi nahi diegu nekazariei, esanez, administrazio epeak etenda dauden arren, deialdiak mantendu egingo direla. Kontsulta asko jasotzen ari gara kezka honekin «, esan du foru ordezkariak. «Jardueraren etorkizunerako makinen modernizazioak, labore estentsiboei edo mahastiei laguntzeak, abeltzaintzako ekoizpenak hobetzeak, mendi publiko eta pribatuak hobetzeko laguntzek, eremu behartsuetan bizitzeagatik eta ekoizteagatik ematen diren kalte ordainek, nekazaritza eta ingurumeneko laguntzek eta nekazaritza ekologikoak edo gazteak sektorean sartzeak duten garrantziaz jabetzen gara», gaineratu du.

Diputatuak gogorarazi duenez, plan horiek oso modu garrantzitsuan dinamizatzen dute lurraldeko jarduera ekonomikoa, «Makinerian eta instalazioetan inbertsioak egiteko 1.500.000 euroko laguntza planak inbertsioko euro bakoitzeko 7 euro mobilizatzen ditu, hau da, kasu honetan 10.000.000 euro baino gehiago, ekonomia suspertzea erronka kolektiboa den une honetan».

Arabako enpresekin ditugun kontratu eta zerbitzu prestazioekin ere jarraituko du Aldundiak. «Nekazaritzatik Arabako enpresa ehunari eta lanpostuei eusten lagun daiteke, eta, aldi berean, sektoreak bere bizi-baldintzak eta lana hobetzeko behar dituen prestazioak eta zerbitzuak jasotzen ditu». Arabako ekonomia leheneratzen ere lagunduko dute abeltzaintzako saneamendu kanpainek, baso-pistak garbitu eta mantentzeak, suteak prebenitzeko lanek edo bideak mantendu eta kontserbatzeak (3.500.000 euro).