Bizkaiko Aldundiak itsasadar azpiko tunelaren eraikuntza proiektua adjudikatu du

0

Bizkaiko Foru Aldundiak itsasadar azpiko tunela eraikitzeko proiektua idazteko eskaintzak aurkezteko epea itxi du. Eraikuntza proiektua ingeniaritza lana da, eta lan horretan, xehetasunez definituko dira tunela eraikitzeko ezinbestekoak diren alderdi tekniko hauek: ezaugarriak, trazadura zehatza, multimodalitatea, eraikuntza metodoa edo gaur egungo edukiera altuko sarearekin itsasadarraren alde bietan egongo diren loturak.

Horretarako, eraikuntza proiektua egikaritzean, beste lan batzuen artean, gaur egunera arte gauzatutako zundaketa geologiko eta geoteknikoak baino zundaketa zehatzagoak egin beharko dira, tunelak martxan jartzean edukiera altuko sarearen trafikoetan izango duen inpaktuari buruzko azterketa berriak egin beharko dira edo azpiegitura hiru dimentsioetan modelizatu beharko da, eta horrela, biki digital bat izango du proiektuak, eraikuntza eta mantentzea optimizatzeko hain zuzen ere.

Lizitazio honetan eskaintzak aurkezteko epea urtarrilean hasi zen, eta aurkeztu diren eskaintza guztien artean, balorazio onena izan duena Bizkaiko Idom, Sener eta Euskontrol ingeniaritza enpresek osatutako ABEEak jaso du. Eskaintza horrek lizitazio prezioa % 15,1 hobetzen du, eta hala, 10,5 milioi eurotik 8,9 milioi eurora jaitsi dute zenbatekoa. Horrenbestez, aldundiak kontratu hau egikaritzeko aurreikusitako zenbatekoan 1,6 milioi euroko aurrezpena egongo da.

Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko foru diputatuak, Imanol Pradalesek, jakinarazi du tunelaren eraikuntza proiektua 33 hilabetetan bukatuta egon beharko litzatekeela, eta beraz, aldundiak aurreikusitako kronogramako epeak mantentzen dira, eta horien arabera, itsasadar azpiko tunela martxan egongo da 2028an. Foru diputatuak hauxe esan du: “Gaurko urratsarekin, etorkizun hobe bat eraikiko dugu Bizkaiarentzat. Oso garrantzitsua da proiektu estrategikoekin aurrera jarraitzea, eta nahiz eta COVID-aren arazoa egon, oso garrantzitsua da aurrerapausoak ematen jarraitzea. Horregatik, gaur, beste urrats bat eman dugu itsasadarraren azpiko tunelaren alde. Tunel hori ezinbestekoa izango da Arrontegiko zubiari beste irtenbide bat emateko, eta horrenbestez, itsasadarraren bi aldeen arteko lotura hobetuko da eta Bizkaiko mugikortasuna erabat aldatuko da”.

Pradalesek, gainera, adierazi du oso garrantzitsua dela aldundiak egingo duen inbertsioa, izan ere “Ekonomia eta enplegu krisi bati aurre egin behar diogu, eta horretarako, administrazioak inbertsio publikoa erabili behar du palanka gisa, krisi ekonomikoari aurre egiteko eta lehiakortasuna irabazteko”. Horri dagokionez, hauxe azpimarratu du: “Itsasadarraren azpiko tunelaren bezalako proiektu estrategiko batek enplegua eta jarduera ekonomikoa sortzen ditu”, eta gogorarazi du eraikuntza sektoreak Bizkaiko 28.000 biztanle baino gehiagori lana ematen diela, eta lurraldeko BPGd-ren % 6 osatzen duela.

Itsasadar azpiko tunela aukera onena da Arrontegiko zubiaren ordezko irtenbide faltaren arazoa konpontzeko, izan ere, zubi horretatik 140.000 ibilgailu igarotzen dira egunero, eta zenbait unetan 165.000 ibilgailu pasatzen dira A-8 errepidearen, Avanzada errepidearen eta Txorierriko igarobidearen arteko igarotzeetan. Itsasadarrean sareak falta direnez, Arrontegiko eta inguruko zaurgarritasuna altua da, eta itsasadarraren ezkerreko aldearen eta eskuineko aldearen artean igarotzeko ibilbide osagarriak egin behar izaten dira.

Hauek dira itsasadar azpiko tunelaren eraikuntza proiektuan gauzatu beharreko alderdi garrantzitsuenak.