Eneko Goiak batasuna eta ardura eskatu ditu

0

Donostiako alkate Eneko Goia donostiarrei zuzendu zaie udal bando baten bitartez, eta bertan, koronabirusaren krisiaren ondoren Donostiaren oraina eta etorkizuna aztertzen ditu, eta hiritar guztien batasuna, elkartasuna eta ardura eskatu ditu hiriak aurrera egin dezan.

Eneko Goiak adierazi du, garai gogorrak izan direla, eta ez genekizkien edo ahaztuta omen genituen gauzak gogoratu eta ikasi ditugula. Besteak beste, osasunak zer balio duen, zoritxarrari aurre egiteko gaitasuna, zaintzen eta laguntzen dakien komunitate bateko kide garela sentitzea, eta erantzukizun indibidual eta kolektiboaren zentzua.

Donostiako alkateak deitoratu ditu gaixotasun horren eta beste gaitz batzuen ondorioz jasan ditugun galerak. Negar egin dugu, joan zaizkigun pertsonengatik, guk nahi genuen eta behar dugun bezala azken aldiz agurtu ezin izan ditugulako.

Era berean Donostiako alkateak honakoa esan du: “Krisiaren hilabete ilunenetan inoiz baino harroago sentitu naiz donostiar izateaz. Eta harrotasun hori izan da egoera hau Donostiak dakien moduan gainditzen laguntzeko eragilea: elkartasuna eta erantzukizuna abiapuntu”.

Horren harian, Eneko Goiak adierazi du, beti zailtasunak gainditzeko gai izan garela, eta oraingoan ere lortzeko gauza izango garela, baldin eta elkartuta egoten badakigu, eta laguntzeko eta elkarren eskutik joateko gai bagara. Eta horretarako, gero eta askatasun handiagoa dugun une honetan, Goiak eskatu du erantzukizunez eta zentzuz jarduteko gai izateko. Izan ere, horren mende dago gure eta geure bizilagunen osasuna.

Hortaz, azpimarratu du, guztion esku dagoela arduratsu izatea, erantzule izatea, ezagutzen ditugun gomendioak errespetatzea, besteak arriskuan ez jartzeko. Unean-unean, elkar zaintzeko aukera dugu. Besteak errespetatuta eta besteon errespetatua jasota.

Hurrengo hilabeteetara begira, Eneko Goiak eskatu du, elkarren artetan lan egiteko hiria berreraikitzeko. Eta horretarako, inoiz baino beharrezkoa izango da konfinamenduaren aste gogor horietan bizi izan ditugun sentimenduak eta balioak berreskuratzea. Hortaz, esan du, gogorrak izango direla gure hiriko bizitza konfinatuta eta izoztuta egondako alde horren ondorioak. Eta horrela izaten ari dira pertsona askorentzat, izan ere erronka handia dute aurrean, hain zuzen ere, elkartuta aurre egin beharko diogun erronka.

Azkenik, Goiak donostiarrei honakoa eskatu die: “Bakoitzaren konpromisoa kaleak bizitzaz betetzeko; gure saltoki, merkatu eta enpresetan erosteko; gure auzotar eta adinekoak zaintzeko; eta, denon artean, Donostia hobe bat eraikitzen jarraitzen laguntzeko. Gure bizitokia, gure etxea, gure hiria izateagatik zaindu nahi dugun Donostia”.