Eusko Jaurlaritzak normaltasun berrirako urrats gisa hartu du 3. fasera pasatzea

0

Euskadi osoa hirugarren fasera pasa da. Eusko Jaurlaritzak pozik hartu du albistea, normaltasun berria lortzeko urrats berri bat delako. Pauso hori, Jaurlaritzaren arabera, duela hilabete batzuk milaka profesional sanitariok, soziosanitariok eta funtsezkok pandemia geldiarazteko egindako lanaren emaitza da.

Eusko Jaurlaritzak aurreratu zuen Euskadik baldintza guztiak betetzen zituela, bai arlo asistentzialaren aldetik, bai epidemiologiaren aldetik, deskonfinamentu-fasean aurrera egiteko. Hala adierazi zuen, Iñigo Urkullu Lehendakariak berak gidatzen duen “Bizi Berri” planean oinarrituta, astelehenean Ministerioari bidalitako proposamenean. Erabakiak berresten du Eusko Jaurlaritzak egindako proposamena egokia izan zela, aurrekoetan bezala.

Pandemiaren bilakaerak positiboa izaten jarraitzen du, gero eta kutsatze eta ospitale-presio gutxiago baitago. Euskadik erakutsi du, pandemiaren unerik zailenean, ospitaleko tentsioa bere gain hartzeko gai dela auzolanari esker. Orain zaintza eta kontrol garaia da birusari eusteko.

Eusko Jaurlaritzak gogorarazi du egoera horrek ez diela biztanleei ahaztarazi behar egindako lana, eta banakako erantzukizuna eskatu du prebentzio-gomendioak jarraitzeko: bi metroko segurtasun-distantzia mantentzea, maskara erabiltzea eskatutako distantzia bete ezin denean, eta eskuak ahalik eta gehien garbitzea.