Lehendakaria: «Fase berean dauden erkidego mugakideen arteko mugikortasuna izan behar da hurrengo urratsa»

0

Iñigo Urkullu Lehendakariak parte hartu du Lehendakaritzatik bideokonferentzia bidez, Pedro Sánchez Espainiako Gobernuko presidenteak Alarma Estatua hasi zenetik astero deitutako erkidegoetako presidenteen hamahirugarren bileran.

Hitzaldiaren hasieran, Lehendakariak adierazi du, Euskadin pixkanaka hobetzeko joera sendotzen ari bada ere, Eusko Jaurlaritzak osasun-sistema eta bertako profesionalen alde lan egiten jarraituko duela, bai eta txerto bat bilatzen eta koronabirusa duten gaixoentzako terapietan lan egiten duten teknologia-zentroei, enpresei eta ikertzaileei laguntzen ere.

Bestalde, Lehendakariak Euskadi deseskalatzearen 3. fasera igarotzeko baldintzak jakinarazi dizkie gainerako presidenteei. Fase hori Bizi Berri Planak jasotzen du, eta gaur goizean EHAAn argitaratutako Lehendakariaren Dekretuak arautzen du. Lehendakariak Autonomia Erkidegoaren barruko mugikortasuna bihartik aurrera berreskuratu dela nabarmendu du, eta Kantabria, Errioxa eta Nafarroako presidenteei eskatu die erkidego horien eta Euskadiren arteko mugikortasuna datorren asteko astelehenerako adostea.

Azkenik, Lehendakariak industriaren aldeko apustu sendoa egiteko beharra mahai gainean jarri du. Urkulluren hitzetan, «Industria-enplegu bakoitzeko 4-5 enplegu sortzen baitira zerbitzu aurreratuenetan». Hala, industriarako «ad hoc» estrategia bat egiteko beharra agerian utzi du, eta automobilgintzari lotutako Komunitateen Sarearen balioa azpimarratu du honek duen oinarria sendoa eta bermeduna baita. «Industria jarduera eta enplegua berreskuratzeko Plan espezifiko baten lehentasunetako bat izan daiteke», esan du.