Blockchain Teknologiako eta Kriptoekonomia Berezko Master berria UPV/EHUn

0

UPV/EHUk Blockchain Teknologia eta Kriptoekonomia berezko master berria sortu du. Graduondokoak ikasleei blockchain teknologiaren oinarriak helaraztea du helburu, baita ezagutza horrek gizartearentzat zein industriarentzat duen balioa ere. Urtebeteko iraupena eta 60 ECTS kreditu ditu masterrak eta Matematika, Fisika, Ingeniaritza, Ekonomia edo antzeko graduen oinarri zientifiko sendoa duten tituludunei zuzenduta dago. Aurez aurreko modalitatean emango da, Zientzia eta Teknologia Fakultatean (Leioa-Erandio eremua), astelehenetik ostiralera, 15:00etatik 19:00etara, urrian hasita.

Blockchain jakintza-arlo zabalak (kriptografia, banatutako sistemak, jokoen teoria, ekonomia monetarioa, lengoaia eta sistema informatikoak, segurtasun informatikoa, etab.) biltzen dituen diziplina anitzeko teknologia denez, diziplina anitzeko izaera hori islatuko duen programa diseinatzea izan da masterraren erronka nagusia. Horretarako, UPV/EHUko bertako irakasleak eta ikertzaileak ditu, kualifikazio handiko kanpoko profesionalen talde batek indartuta, eta horien artean Kutxabankeko adituak nabarmendu behar dira.

Mugikortasunarekin, analitika aurreratuarekin, biometriarekin, adimen artifizialarekin eta blockchain-arekin zerikusia duten gaietan duten esperientziatik abiatuta, Kutxabankeko zenbait profesionalek masterrarekin lankidetzan jardungo dute, eta eskolak emango dituzte, sektore horri buruz duten ezagutza gerturatzeko; izan ere, sektore horretan teknologo espezializatuen presentzia ia negozio-arlo guztietara hedatzen ari da.

Gainera, eta finantza-erakundeak sustatzen duen tokiko talentua atxikitzearen aldeko apustuari jarraiki, Kutxabankeko profesionalek beren hitzaldietan sortutako baliabide ekonomikoak beka bat sortzera bideratuko dituzte, master berrian izena eman duen pertsona baten matrikula-gastuak ordaintzen laguntzeko.