Energy Intelligence Center eraikitzen azaroan hasiko dira

0

Ezkerraldea-Meatzaldeko teknologia parkeko egoitzaren eraikuntza adjudikatzeko lehiaketa publikoa lizitatu du Bizkaiko Foru aldundiak. Eraikin horretan parkearen bandera-ontzia izango dena egongo da, hain zuzen ere, Energy Intelligence Center delakoa. Proiektu horren helburua, Bizkaia eta Euskadi energiaren alorrean nazioarteko erreferentzia gisa kokatzea da.

Energia sortzeko eredu berriak garatzeko proiektuaren helburuarekin bat eginez, eraikin hau diseinatzean sistema abangoardista bat erabili dute, karbono aztarna murrizteko eta trantsizio energetikoko eredu berrira egokitzeko. Horretarako, instalakuntza fotovoltaiko berria izango du eraikinak, energia berriztagarria erabiliz, 178,72 kW-ko potentzia sortuko duena.

Eraikinak altuera ezberdinetako bi bloke izango ditu, eta azalera erabilgarria 18.932 metro karratukoa izango da. Bertan egongo dira bulegoak, laborategiak eta industria nabe bat. Lizitazioko oinarrizko prezioa 15,9 milioi euro gehi BEZa da, eta Eusko Jaurlaritzak eta foru aldundiak emango dute. Eraikuntza epea 22 hilabetekoa izango da, eta aurreikusitako kronogramaren arabera, obrak azaroan hasiko dira eta 2022ko abuztuan bukatuko dira.

Azpiegitura eta Lurralde Garapenerako foru diputatuak, Imanol Pradalesek, adierazi duen moduan, Energy Intelligence Centerrek “etorkizuneko energien sektorean nazioarteko erreferentzia-gune gisa kokatuko du Bizkaia. Azpiegitura berri horrekin, oinarriak jartzen ari gara energiaren sektorean proiektu berritzaile eta iraunkorrak garatzeko, sektore hori funtsezkoa delako gure ekonomiaren orainaldian eta etorkizunean”.

Era berean, azpimarratu du oso garrantzitsua dela gaur egun bizi dugun krisi garaian inbertsio publikoa ekonomia eta enplegua berraktibatzeko palanka gisa mantentzea, hauxe adierazi duelarik: “Laburbilduz, gaur inbertsio eta suspertze ekonomikorako proiektu bat abiarazten dugu, COVIDen ondorio ekonomikoei aurre egiteko, baina baita epe luzera gure lehiakortasuna eta ongizatea irabazteko ere”.