Hizkuntza politikan duten konpromisoa berritu duteEusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskararen Erakunde Publikoak

0

Nafarroako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoak hizkuntza politikan Hiruko Ituna Hitzarmenaren bidez modu koordinatuan lanean jarraitzeko konpromisoa berritu dute.

Nafarroako Jauregian egindako ekitaldian, 2017an sinatutako Hitzarmenaren 2020ko jarduera-plana aurkeztu dute hiru erakundek, lanerako bost arlo espezifikotan garatuko dena: helduentzat hezkuntza euskaraz eta euskara irakastea; euskararen erabilera bultzatzea; euskararen aldeko hausnarketa bultzatzea; euskararen azterketak eta corpusa; eta lankidetza Europako esparruan.

Aurkezpenean, Herritarrekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak eta Euskararen Erakunde Publikoko lehendakari Beñat Arrabitek hitzarmen honen esparruan 2019an zehar garatutako ekintza nagusiak nahiz 2020an burutuko diren ekintza espezifikoak errepasatu dituzte.

2017-2021 denboraldian indarrean den esparru-hitzarmenaren helburu nagusia da mugaz gaindiko lankidetza garatzea hizkuntza politikarekin loturiko gaietan, hiru erakundeen artean harremanak garatzen jarraitzea eta arlo horretan jardunbide egokiak trukatzea.

Ana Ollo kontseilariak adierazi duenez, “hitzarmen hau lankidetzaren, harreman normalizatuen, sinergien eta bateratzearen aldeko konpromisoa da, bai eta euskararen aldeko konpromisoa ere, euskararen lurraldeko euskal hiztunei zuzendutako berariazko neurriak garatzea ahalbidetzen digun ekintza programa batekin”. “Nafarroaren kasuan, hizkuntza propioak dituzten autonomia erkidegoekin eta Europako eskualdeekin lankidetzan aritzeko eta koordinatzeko konpromisoa legealdi honetako Programa Akordioan jasotako akordio bat da”, gaineratu du.

Bestalde, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak azpimarratu duenez, “azken urteotan modu naturalean garatzen ari den eta hizkuntza-politikaren arloan lankidetzan aritzeko oso eraginkorra izaten ari den elkarlana posible da”. Gaineratu duenez, “akordio honek ematen digun markoari esker, informazioa trukatzen dugu, proiektuak partekatzen ditugu, herritarrei erraztasunak eskaintzen dizkiegu, baliabideak batzen ditugu eta lan egiteko moduak sistematizatzen ditugu’.

Hiru erakundeek aurkezpenean azaldu dutenez, COVID-19k sortutako krisia dela eta, hitzarmenean jasotako zenbait ekintza, hala nola ikasleen trukeak, mugikortasuna eta abar, osasun baldintzek gomendatzen duten arte atzeratuko dira.

“Guretako oso estrategikoa den proiektu bat ezarria genuen 2020eko eranskinean: gazteendako mugaz gaindiko egonaldiak. Ideia da hiru lurraldeko gazteen arteko uda lekuak antolatzea, euskara izaki haien hizkuntza amankomuna”, azaldu du Beñat Arrabitek . Eta esan du,  “hori aurtengo udan eratu nahi genuen baina egoera sanitarioak ez digu aukera emanen horren plantan ezartzeko. Aurten obratzen ez badugu ere, lanean segitzen dugu proiektu hori ontzeko eta 2021erako anbizioa duen euskarazko mugaz gaindiko egonaldi proiektua antolatzeko”.