Abian dira HABEk antolatutako hizkuntza-gaitasuna egiaztatzeko deialdiak

0

HABEk antolatutako hizkuntza-gaitasuna egiaztatzeko deialdiak gaur goizean hasi dira Barakaldoko BECen, eta aurreikusita dago gaur hasi eta ekainaren 19ra bitartean 12.161 lagun biltzea (probak hilaren 12an, 13an, 15ean, 16an, 17an, 18an eta 19an egingo dira). Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordeak azpimarratu duenez, herritarren aldetik dagoen eskaria izan da proba hauek antolatzeko motibazio nagusia eta, era berean, BEC aukeratu da azterketak egiteko baldintzarik seguruenak eskaintzen dituelako.

Horrela, datozen egunotan honako proba hauek egingo dira:

  • B2 deialdia itxia (euskaltegietako ikasleentzako): 3.673 azterketarik parte hartuko dute. Ekainaren 18an eta 19an. Idazketa-probak egingo dira BECen; euskaltegietan egindako ulermen-probak (ahozkoak eta idatzizkoak) eta ahozko probak baliozkotuko dira.
  • C1 deialdi irekia (nahi duenarentzat; ez da beharrezkoa euskaltegiko ikasle izatea): 3.108 lagun. Gaur eta bihar idazteko eta irakurtzeko probak egingo dira BECen. Ahozko probak uztailean egingo dituzte, hiru lurraldeetan.
  • C1 deialdia itxia (euskaltegietako ikasleentzat): 4.976 lagun. Ekainaren 15, 16 eta 17an. Idatzizko probak egingo dira, eta ulermen-probak (ahozkoak eta idatzizkoak) eta euskaltegietan egindako ahozko probak baliozkotuko dira.
  • C2 mailaren deialdi itxia: 404 pertsona. Hilaren 16an. Idatzizko probak egingo dira BECen; ulermen-probak (ahozkoak eta idatzizkoak) eta euskaltegietan egindako ahozko probak baliozkotuko dira.
  • A1 (hasierako erabiltzailea), A2 (oinarrizko erabiltzailea) eta B1 (erabiltzaile independentea) mailak ebaluazio jarraituaren bidez egiaztatzen ari dira euskaltegietan.

Gaur, beraz, C1 mailako (lehengo EGA) deialdi irekiaren lehen probak egiten ari dira. Hitzordu horretan, ohikoa da Batxilergoko eta unibertsitateko lehen mailetako ikasleen parte-hartzea. Gaur, azterketak lau txandatan egiten ari dira: 10:00etan (12:30ak arte), 11:00etan (13: 30ak arte), 15:00etan (17:30ak arte) eta 16:00etan (18:30ak arte). Txanda bakoitzean 450 azterketarik baino gutxiagok parte hartzen dute, gehienez 80 laguneko taldeetan banatuta (gaurkoan 64 baino gutxiago izango dira talde bakoitzean). Protokolo hori bera errepikatuko da datozen egunetan, baina proben iraupena maila bakoitzaren araberakoa izango da. Gaurko egunean 1.600 azterketarik parte hartuko dute probetan.

Dobaran sailburuordeak deialdiek izandako harrera ona azpimarratu du: «Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta HABEk proba hauek deitu dituzte euskara maila egiaztatzeko, eskaera handia zegoelako, hau da, herritar askok eta askok antolatzeko eskatzen zigutelako. Eta eskaera bat zegoela erakusten duen frogarik nabarmenena da 12.000 azterketarik eman dutela izena. Arduraz jokatu nahi izan dugu eta egiaztapen-proba hauek antolatu, ikasle askok ahalegin handia egin dutelako euskara ikasteko edo maila hobetzeko. Era berean, azpimarratu nahi dugu azterketarien portaera bikaina lehen jardunaldi honetan, gehien-gehienak gazteak».